Azkoitiko gazteek eskatu ditzakete laguntzak etxebizitzak alokatzeko

Ane Olaizola 2015eko apirilaren 15a

Gazteen emantzipazio bideak errazteko asmoz emango ditu Azkoitiko Udalak diru laguntzak. 18 eta 35 urte bitartekoek ekainaren 1era artean egin ditzakete eskaerakAzkoitiko gazteek etxebizitzak alokatu ahal izateko diru laguntzak jasoko dituzte, eta eska...

Gazteen emantzipazio bideak errazteko asmoz emango ditu Azkoitiko Udalak diru laguntzak. 18 eta 35 urte bitartekoek ekainaren 1era artean egin ditzakete eskaerak

Azkoitiko gazteek etxebizitzak alokatu ahal izateko diru laguntzak jasoko dituzte, eta eskaerak egiteko epea zabaldu du udalak. Erabaki hori hartu du udalak gazteei euren emantzipazio bideak erraztu eta «helduen mundura» sartzeko prozesuan laguntzeko asmoz, eta Azkoitian alokairuko etxebizitza sustatzea eta irisgarritasun baldintzak betetzeko dituzten alokairuko etxebizitak eskuratu ditzaten. 18 eta 35 urte bitarteko gazteei bideratuko dizkie laguntzak, eta diru sarreren arabera banatuko dituzte.

Ekainaren 1era bitartean eskatu daitezke laguntzak, udaletxeko Harrera Bulegoan. Gehienez urtebeteko epean jaso ahal izango dituzte, eta honako baldintzak zehaztu dituzte: ezin dute jabetzan etxebizitzarik eduki, eta gutxienez etxebizitzako pertsona batek herrian erroldatuta egon behar du azken hiru urteetan. Hala ez bada, eskatzaileek bost urtetan jarraian herrian erroldatuta egondakoak izan behar dute. Etxebiden izena emanda dagoela justifikatu beharko dute, gainera. Etxebizitzek, berriz, bizigarritasun baimena eduki behar dute, eta gutxienezko baldintzak bete behar dituzte.

Hilero 350 euro gehienez

Udalak aurtengo aurrekontuetan onartu zuen diru laguntza honentzako 60.000 euroko partida. Onartuta dago ordenantza, eta Urrategi Alberdi alkateak jakinarazi du «hilabete gutxiren barruan» jarriko dutela abian. Diru laguntzen zenbatekoa errentaren arabera finkatuko dute; eskatzaileak, gehienez, 27.000 euro arteko diru sarrera gordina izan behar du, eta bikotea baldin bada, gehienezko diru sarrera 34.000 eurokoa izango da. Udalak hilero 350 euro artean lagunduko die, baina Alde Zaharrean dauden etxebizitzak errentan hartuz gero, laguntza handiagoak izango dituzte. Era berean, udalak kontuan hartuko ditu etxebizitzak ezgaituentzat egokituta egotea eta haientzako irisgarritasuna bermatzea, eta beraz, ezgaitasuna duten gazteek %65era arteko laguntzak jasoko dituzte.

Udalak hiru hilean behin egingo ditu ordainketak, eta lehenengoa uztailaren 24an izango da. Kontratua sinatzeko azken eguna, berriz, ekainaren 30a izango da, eta informazio osoa Azkoitia Lantzenen 943-85 71 51 telefonoan aurkitu daiteke. Alokairua sustatzeko abian jarriko dituzten diru laguntza mota bat izango da gazteena, etxejabeek etxebizitza hutsak alokairu sozialera bideratzeko laguntzekin eta lokal komertzialak errentan hartzeko laguntzekin batera. Azken horiek eskatzeko epea zehazteke du oraindik udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide