Azkoitiko Udalak beste bi gune jarriko ditu herritarrek auzokonposta egin dezaten. Orain arte Bizkargi liburutegi atzean, Ipintza auzoan eta Santa Klara-Bizkargi plaza arteko zubi ondoan egin zitekeen auzokonposta, eta orain Jausoro eta San Martin auzoetan ere jarriko dute.
Udalak azaldu du bi gune berriekin «herritar gehiagori» zabaldu nahi dietela aukera, «lur sail propiorik ez duten azkoitiarrek ere konposta egiteko aukera izan dezaten, euren auzotarrekin elkarlanean». Datozen asteetan dira jartzekoak dagozkien azpiegiturak. Udalak auzokonposta egin dezaten parte hartzera animatu ditu herritarrak, eta gune horietan auzokonposa egin nahi duenak plazan dagoen Hondakinen Informazio Bulegora jo beharko du. Bestela, 943-85 73 19 edo 688-820 755 zenbakietara deitu dezakete, edo azkoitia@urolaerdia.eus helbidera idatzi. Beharrezko materiala, informazioa eta laguntza teknikoa eskainiko die mankomunitateak auzokonposta egin nahi dutenei.