Proiektu komunikatiboa berreskuratu, eta aldizkaria argitaratzeaz gain, webgunea indartuko dute. Proiektu «anitza, iritzi sortzailea eta parte-hartzailea» izango da.
Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak orain arteko lan ildoak mantendu, eta berriz jarriko du martxan proiektu komunikatiboa. «Biziberrituta» egin dute, gainera, aste honetan bertan kaleratuko duten zenbakiaren azalean irakur daitekeenez. Aldizkaria berreskuratu, eta martxotik kalean izango da berriro Maxixatzen hilabetekaria, sei urteko etenaren ondoren. Webgunearekin batera osatuko dute proiektu komunikatiboa, eta egungo ataria indartu egingo dute, «itxura eta egitura berrituarekin».Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Azkoitiko euskararen inguruko ikerketa bat egin zuen 2013an, eta besteak beste datu kualitatiboak kontuan hartuta herriko «osasuna» aztertu zuen. «Azkoitian gehienek euskaraz hitz egiten badute ere, idatzizko materiala gaztelaniaz kontsumitzen zela ikusi genuen. Kezka horretatik abiatuta, Euskara Mahaia hasi ginen batzen euskararen inguruan lan egiten dugunok, eta han behin baino gehiagotan adierazi izan da herri aldizkari baten hutsunea dagoela Azkoitian», adierazi du Naroa Olalde Maxixatzeneko lehendakariak. Behar horietatik abiatuta, Euskara Mahaiko batzuk proiektua lantzen hasi ziren, eta horien emaitza da abiatuko duten proiektu komunikatiboa. «Kazetaritza ikasi dutenek eta ikasten ari direnek osatzen dute lantaldea. Talde indartsua da; ilusioarekin ari dira lanean».
«Azkoitian badaude euskaraz lan egiten duten hedabideak, eta Maxixatzenek ere horietako bat izan nahi du. Herri aldizkari baten beharra eta hutsunea dagoela uste dugu, eta euskararen normalkuntzan, beste tresna bat izango da», esan du Olaldek. Honen arabera, honako izaera izango du proiektuak: «Iritzi sortzailea, parte-hartzailea, independentea eta anitza izango da. Herritar guztiengana iritsi nahi dugu».
Herritarren nahia
Elkartea jakitun da taldea eta aldizkaria bera «erreferentzia» izan direla herrian; «Azkoitian, asko gogoratzen dira oraindik Maxixatzenez». Horretaz aprobetxatu, eta aurrekoaren jarraipena izango da orain kaleratzen hasiko direna. Izena mantenduko dute, beraz, baina oro har, eduki berriak izango ditu. Besteak beste, elkarrizketa eta erreportaje landuekin osatuko dute hilabetekaria. Webguneari dagokionez, datozen asteetan izango da martxan atari berritua: «Orain arte, euskara eta kultura arloko albisteak sartzen genituen, geuk sortutako gutxi. Aurrerantzean, ordea, herriko albisteekin eguneratuko dugu». Horrez gain, herritarrek eta eragileek parte hartuko dute, komunitatearen atalaren bidez.
Azken urteetan kulturaren eta ikerketaren arloetan lan egin izan du Maxixatzenek, eta proiektu komunikatiboa elkartearen «beste hanka» izango da. 1999tik 2009ra artean egon zen Maxixatzen herri aldizkaria, eta batez ere udalaren diru laguntzen murrizketek eta orduko taldearen egoerak eragin zuten haren etena, lehendakariak gogoratu duenez. Aldizkariaren etorrera iragartzeko hainbat saio egin dituzte azken egunetan, eta Olalderen arabera, harrera ona izaten ari da herrian: «Nabari da herritarrek nahi dutela. Oraintsu Maxixatzeneko batzarra egin dugu, eta han ere erantzun oso ona izan du». Udalak ere babesa azaldu die; «udalak diru laguntza eman digu, eta beste erakundeei ere eskatu diegu. Haien zain gaude». Hori hala, herritarren sostengua nahi dute, eta horretarako kanpaina abiatuko dute.
Astearen amaierarako irakurri ahalko da aldizkari berrituaren zenbaki berezia; proiektu komunikatiboari buruzkoa izango da. Martxotik udara bitartean etxe guztietara iritsiko da hilabetekaria, eta gero soilik bazkideei banatuko diete. 25 eurokoa izango da urteko bazkide kuota.