Zabalik da Garbigunea, hondakin gehiago uzteko lekuarekin

A. Olaizola 2015eko martxoaren 19a

Astebetez egon da itxita Azkoitiko Garbigunea, txukunketa lanak egin behar izan dituztelako. Asteartean zabaldu zuten berriz, eta lanak egin dituzten bitartean hainbat hondakin uzteko leku gehiago jarri dute: igeltsua, kutsatutako obra hondakinak, beir...

Astebetez egon da itxita Azkoitiko Garbigunea, txukunketa lanak egin behar izan dituztelako. Asteartean zabaldu zuten berriz, eta lanak egin dituzten bitartean hainbat hondakin uzteko leku gehiago jarri dute: igeltsua, kutsatutako obra hondakinak, beira laua, indusketa hondakinak eta plastiko gogorrak.

Garbigunea erabiltzeko ordenantza berria ere jarri dute martxan. Araudiaren bidez, hondakinak onartzeko prozesua zehaztuko dute, eta hala, aurre- rantzean herritarrek eta enpresek hondakinak uzteko agiri bat bete beharko dute harreran. Gainera, enpresek hondakinak utzi ahal izateko baimena eskatu beharko dute, eta obra hondakinak uzteko prozesua indarrean jarriko dute, aurreko astean Azkoitiko obra txikietako enpresekin bilera egin ondoren.

Itxita egon den bitartean, herritarrek Azpeitikora eraman behar izan dituzte hondakinak. Atzoz geroztik, ohiko ordutegia du Azkoitiko Garbiguneak: astegunetan 09:00-13:00 eta 15:30-17:30 tartean zabalduko dute.

Bestetik, jakinarazi dute txukunketa lanak egin ondoren, herenegun kanpoaldean sailkatu gabeko hondakinak pilatuta aurkitu zituztela. «Hondakinak ezin dira utzi horrela, ez Garbigunean, ez inon. Sailkatu egin behar dira, eta dagokion tokian utzi. Kasu honetan, gainera, gehiena ez da Garbigunean uzteko modukoa». Jakinarazi dutenez, identifikatu dute zeinek utzi dituen hondakinak, eta Urola Erdiko Mankomunitateak espedientea ireki dio.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide