Txerloia eta San Juan futbol zelaietan hainbat hobekuntza lan egin dute

Ane Olaizola 2015eko martxoaren 19a

San Juanen harmailetan panel bat jarri dute, euritik eta haizetik babesteko. Txerloia futbol zelaian sarea eta bere estalgune berdea berritu dituzte. 50.000 euro kostatu dira lanak.Azkoitiko Udalak eta Anaitasuna Futbol Taldeak hainbat lan egin dituzte...

San Juanen harmailetan panel bat jarri dute, euritik eta haizetik babesteko. Txerloia futbol zelaian sarea eta bere estalgune berdea berritu dituzte. 50.000 euro kostatu dira lanak.

Azkoitiko Udalak eta Anaitasuna Futbol Taldeak hainbat lan egin dituzte azken hilabetean San Juan eta Txerloia futbol zelaietan, jokalarien eta zaleen segurtasuna, babesa eta erosotasuna hobetzeko asmoz. Hain zuzen, horiek hala eskatuta eta Anaitasunak egindako diagnostiko baten ondorioz egin dituzte hobekuntzak, eta guztira 50.000 euro kostatu dira lanak. Udal azpiegiturak izanik, berak finantzatu ditu obrak.

Urrategi Alberdi alkateak, Jesus Oteiza Kirol zinegotziak eta Pedro Urdapilleta Anaitasunako lehendakariak eman dute lanen berri. San Juan futbol zelaian 30.000 euroko inbertsioa egin dute, eta zatirik handiena harmaila atzeak babesteko jarri duten metrakilatozko panel batek hartu du. Izan ere, Urdapilletak adierazi du eguraldi txarrarekin busti egiten zirela eserlekuak, eta euritik eta haizetik babesteko jarri dute alde batetik besterako panela. Era berean, hainbat segurtasun neurri hartu dituzte, bertan entrenatu eta jokatzen duten 300 gazte ingururentzat. Hala, zelaiko posteak eta kako batzuk babestu egin dituzte.

Txerloia futbol zelaian ere hobekuntza batzuk egin dituzte: besteak beste, zelaia inguratzen duen sarea eta bere estalgune berdea berritu dituzte. «Lehengo sarea belar naturalarekin babestuta zegoen, eta denborarekin hondatu egin da», azaldu du lehendakariak.

Anaitasunak diagnostiko bat egin zuen, eta azpiegituretan hobekuntza batzuk egiteko beharra zegoela ondorioztatu zuen. Urrian elkartu ziren udala eta Anaitasuna, eta han aurkeztu zieten urteko plan orokorra eta zituzten beharrak. Lehentasunak finkatu zituzten, eta hain zuzen, lehentasun guztiak gauzatu dituztela adierazi du Urdapilletak.

Herritarrek hainbatetan eskatutako lanak izan dira egin berri dituzten batzuk, San Juanen panela jartzea, esaterako. Hori hala, Urdapilleta gustura azaldu da lanekin eta udalarekin egindako elkarlanarekin, eta udalaren jarrera eskertu du. Udalak, bere aldetik, azpimarratu du Anaitasunako gazte eta umeen mesederako izango direla lanak, euren «ongizatea bermatzeko».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide