"Laguntzeko prest" agertu zaio Podemos Azkoitia Bairi

Ane Olaizola 2015eko martxoaren 16a

Azkoitia Bai eta Podemosen arteko mahai ingurua, ostiralean
(Ane Olaizola) Azkoitia Baiko Julen Garatek eta Ahal Dugu-Podemoseko Leire Riojak eta Jon Gorrotxategik mahai ingurua egin zuten ostiralean, Azkoitian. Datozen udal hauteskundeetara batera edo ez aurkezteaz baino, batez ere egoera politikoaz eta Podemosen funtzionamenduaz aritu ziren hizketan. Zehaztapen gehiagorik gabe, datorren agintaldian «laguntzeko prest» zeudela esan zioten Azkoitia Bairi. Egoera politikoa salatu zuten Riojak eta Gorrotxategik, eta, besteak beste, politika fiskala aldatzearen beharra azpimarratu zuten. Aldundirako hauteskundeetara aurkeztekotan da Podemos, eta mahai inguruan parte hartu zutenek, besteak beste, «kezka» azaldu zuten lanerako orduan Madrildik jasoko dezaketen «autonomia" mailaren inguruan. Alderdi barruko funtzionamenduarekiko ere kritiko agertu ziren zenbait kasutan; «ilusioa» dute lanerako, baina arazoa praktikan dagoela zioten: «Ondo egingo dugu, guztiok eskubide berdinak baldin baditugu». Haien ustez, ideietan baino, gakoa pertsonetan dago, eta esaten dutena aurrera eraman ahal izateko herritarrek parte hartu behar dutela azpimarratu zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide