Hirugarren mailara igo ahal izateko, partida erabakiorra izango dute hurrengo astean, Aretxabaletaren aurka. Infantil neskak Txapeldunen Faseko lehen postuan daude
2014-2015eko denboraldian bete-betean sartuta dago Azkoitiko Anaitasuna Futbol Taldea, eta laster, azken txanpan sartuko dira. Liga nola amaituko duten aurreikustea oraindik zaila bada ere, datozen asteetan partida erabakiorrak jokatuko dituzte, batez ere Ohorezko Mailan dagoen talde nagusiak. Izan ere, bigarren postua lortu, eta mailaz igotzeko lehiatu dezaten borrokatuko dute hurrengo partidetan. Emakumezkoetan, berriz, infantilek momentuz eskura dute Txapeldunen Fasea, eta lehenengo postuari eusten saiatuko dira horiek.Ohorezko Mailakoak laugarren postuan daude egun, 40 punturekin; hirugarrenak, Tolosakoak, bi puntura dituzte, eta bigarrena, Aretxabaleta taldea, sei puntura dute. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban maila horretan bigarren postuan geratzen direnek, hirugarren mailara igotzeko lehiatuko dute, eta beraz, postu horretara iristeko helburua dute egun, badakitelako lehenengo postuan dagoen Aurrera K.E. taldea «urrunegi» dutela. 17 puntuko aldea dute haiekin.
Hain zuzen, bigarren postuan dagoen Aratxabaletako taldearen aurka lehiatuko dira azkoitiarrak hurrengo astean. Hasiera batean, martxoan ziren jokatzekoak norgehiagoka, baina elurragatik atzeratu zuten, eta azkenean ostegunean jokatuko dute. «Hurrengo asteko partidak erabaki lezake ligaren amaiera», esan du klubak.
Atzeratutako partiden eraginez, ekainera luzatu daiteke denboraldi amaiera. Iaztik, baja asko izan dira talde nagusian, eta jokalari asko batu dira bertara. Horren eraginez, liga makal samar hasi zuten, baina azken jardunaldietan buelta eman diote egoerari, eta lehenengo postuetara iritsi dira. Gainera, helburuak lortzen ari dira, euren asmoa izan baita lehen postuetan sailkatzea. «Sendotzen ari da taldea. Hasieran, golak errazago jasotzen zituzten, eta orain taldeak gehiago sartzen ditu». Egun, lan txukuna egiten ari dira; hamar partida egin dituzte galdu gabe, aurreko astean Ondarruren aurka galdu zuen arte.
Hamabi talde ditu Anaitasunak, horietako hiru emakumezkoenak; emaitza onak ari dira lortzen horiek ere. Aurten, ohorezko kadetetan eta infantiletan ari dira lehiatzen, eta azken horiek Txapeldunen Faseko lehenengo postuan daude egun. Ohorezko kadeteak, berriz, mailaz igo ziren iaz, eta egun seigarren postuan daude.
Anaitasunaren hainbat partida izango dira asteburu honetan. Talde nagusiak, esaterako, Usurbilen aurka jokatuko du bihar, 16:00etan, Usurbilen. Ohi bezala, etxetik kanpo jokatuko dituzten partida guztietarako autobusak aterako dira herritik.