Bigarren postua eskuratzeko lehian da Anaitasunako Ohorezko Maila

Ane Olaizola 2015ko mar. 12a, 15:00

Ohorezko kadete neskak
(Nagore Orbea) 2014-2015eko denboraldian bete betean dago Azkoitiko Anaitasuna Futbol Taldea, eta laster, azken txanpan sartuko dira. Liga nola amaituko duten aurreikustea oraindik zaila bada ere, datozen asteetan partida erabakiorrak jokatuko dituzte, batez ere Ohorezko Mailan dagoen talde nagusiak. Izan ere, bigarren postua lortu, eta mailaz igotzeko lehiatu dezaten borrokatuko dute hurrengo partidetan. Emakumezkoetan, berriz, infantilek momentuz eskura dute Txapeldunen Fasea, eta lehenengo postuari eusten saiatuko dira horiek. Ohorezko Mailakakoak laugarren postuan daude egun, 40 puntukin; hirugarrenak, Tolosakoak, bi puntura dituzte, eta bigarrena, Aretxabaleta taldea, sei puntura dute. Gipuzkoa, Bizkaian eta Araban maila horretan bigarren postuan geratzen direnek, hirugarren mailara igotzeko lehiatuko dute, eta beraz, postu horretara iristeko helburua dute egun, jakin badakitelako lehenengo postuan dagoen Aurrera K.E taldea «urrunegi» dutela. 17 puntuko aldea dute haiekin. Hain zuzen, bigarren postuan dagoen Aratxabelako taldearen aurka lehiatuko dira azkoitiarrak hurrengo astean. Hasiera batean, martxoan ziren jokatzekoak bi taldeen norgehiagoka, baina elurrarengatik atzeratu zutela eta, azkenean ostegunean jokatuko dute. «Hurrengo asteko partidak erabaki lezake ligaren amaiera», esan du klubak. Atzeratutako partiden eraginez, ekainera luzatu daiteke denboraldi amaiera. Iaztik, baja asko izan dira talde nagusian, eta jokalari asko batu dira hara. Horren eraginez, liga makal samar hasi zuten, baina azken jardunaldietan buelta eman diote egoerari, eta lehenengo postuetara iritsi dira. Gainera, helburuak lortzen ari dira, euren asmoa izan baita lehen postuetan sailkatzea. «Sendotzen ari da taldea. Hasieran, golak errazago jasotzen zituzten, eta orain taldeak gehiago sartzen ditu». Egun, «lan txukuna» egiten ari dira; hamar partida egin dituzte galdu gabe, joan zen astean Ondarruren aurka galdu zuen arte. Hamabi talde daude Anaitasunan, eta horietako hiru emakumezkoenak dira, eta emaitza onak ari dira lortzen horiek ere. Aurten, ohorezko kadetetan eta infantiletan ari lehiatzen dira emakumezkoak, eta azken horiek Txapeldunen Faseko lehenengo postuan daude egun. Ohorezko kadeteak, berriz, mailaz igo ziren iaz, eta egun seigarren postuan daude. Anaitasunaren hainbat partida izango dira asteburu honetan, eta talde nagusiak, esaterako, Usurbilen aurka jokatuko du larunbatean, 16:00etan, hango Harane futbol zelaian. Ohi bezala, etxetik kanpo jokatuko dituzten partida guztietarako autobusak aterako dira herritik. AUTOBUS ORDUTEGIAK
  • Ohorezko maila. Larunbatean, 13:45ean aterako dira, Usurbilera, Txerloiatik.
  • Preferenteak. Larunbatean, 15:45ean joango dira Zumaiara, liburutegitik.
  • Jubenilak. Igandean, 10:00etan izango da Durangorako autobusa, liburutegian.
  • Lehen infantilak. Larunbatean, 10:45ean joango dira Azpeitira, liburutegitik.
  • Infantil txikiak. Larunbatean, 09:45ean abiatuko dira Pasaiara, liburutegitik.
  • Alebinak. Igandean, 09:00etan, Villabonara, liburutegitik.
  • Alebin parte hartzailea. Igandean, 10:30ean, Aretxabaletara, liburutegitik.
  • Futbol eskola neskak. Igandean, 08:15ean, Zarautzera abiatuko dira, liburutegitik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide