Jon Unanue Urdaibaiko arraunlariak zaila izango du aurreko denboraldia errepikatzea. Baina iazko mailari eustea espero du azkoitiarrak, eta horretarako lanean hasita dira
Jon Unanue (Azkoitia, 1988) arraunlariak hiru urte egingo ditu Urdaibai taldean. Duela bost urte fitxatu zuten han, eta lehenengo biak Zarauzko taldean egin zituen, utzita. Ez du erraz ahaztuko iazko denboraldia, San Miguel Ligako emaitzez gain, Kontxako Bandera irabazi baitzuten. Dena den, duela bi urte bandera preziatua jaso ez izanaren arantza du oraindik.Dagoeneko denboraldia prestatzen hasita al zaudete?
Bai. Neguan, batez ere barruko lana egiten dugu. Gimnasioko lanekin gabiltza orain. Uretan ere kilometroak pilatzen ari gara pixkanaka. Neguko lanetan, kiloak ere galdu behar izaten ditugu, ea fintzen hasten garen eta martxa hasten dugun. Momentuz, astean hiruzpalau aldiz joaten naiz Bermeora edo Bilbora, uretan entrenatzera. Liga gerturatzen hasten den einean, ia egunero joaten gara.
Hurrengo denboraldirako taldea osatuta al dago?
Bai, talde polita daukagu. Iazko antzekoa da, aldaketa gutxirekin. Ez dago alta eta baja askorik, eta beraz, taldearen maila ere iazko berdintsua izango dela esan daiteke. Gero, denborak esango du nola joango garen, baina teorian behintzat maila mantenduko dugula uste dut.
San Miguel Liga urruti dago oraindik, baina aurreneko postuetan borrokatzea aurreikusten dugu. Hori da gure helburua, eta horretarako ari gara prestatzen.
Zaila izango duzue aurreko denboraldia gainditzea.
Ez da erraza izango. Uste dut urte asko pasatuko direla iaz izan genituen emaitzak berdintzeko. Dena den, horretan saiatuko gara.
Pertsonalki, denboraldi ederra izango zen, ezta?
Bai, noski. Asko gozatu genuen guztiok. Gauza asko irabazi genituen, eta horrela errazago eramaten da guztia: irabazita, ez zara inoiz nekatzen.
Ofizialki, lehenengoz irabazi zenuen Kontxako Bandera.
Hala da. Niretzat, lehenengo aldia izan zen bandera hori etxera eraman nuena. Dena den, bigarren bandera bezala hartzen dut iazkoa. Duela bi urtekoa ez daukagu bitrinan, baina nire ustez irabazi egin genuen. Duela bi urte gertatu zena ahazten kostako da. Baina beno, hura joan zen, eta aurrera begiratzea besterik ez zaigu geratzen.
Iazko Kontxako Banderako zer oroitzapen dituzu?
Oso une biziak izan ziren; egun handia izan zen. Asko gozatu genuen. Horretarako prestatu ginen, eta esperotakoa baino, nahi genuena lortu genuen.
Egindako lanaren ondorio, herrian hainbat aitortza ere jaso dituzu.
Oteiza pilota elkarteak egindako omenaldia eta urteko kirolari onena izendatu izana gauza politak izan ziren. Oso gustura eta harrotasunez jaso ditut aitortza horiek, eta seinale ona litzateke halako omenaldiak jasotzen jarraitzea.
Arraunean baino lehen, pilotan ibilitakoa zara. Zer dela egin zenuen batetik bestera salto?
Duela bost urte inguru utzi nuen pilota, eta Urdaibain orduan bigarren entrenatzaile zenak galdetu zidan ea arraunean proba egin nahi al nuen. Halaxe hasi nintzen arraunean, baina ez nuen behar bezalako mailarik taldean, eta Zarautzen utzita ibili nintzen bi urtez.
Zer du arraunak, pilotak ez duena?
Taldeko kirol bat da arrauna, eta giro ona egonez gero, asko errazten du lana. Bakarrik egiteko moduko kirola ez da, sakrifizio asko eskatzen duelako. Denon artean ondo moldatzen gara, ordea, etahori da gehien gustatzen zaidana.