Behin betiko ordutegia dauka Urbanue autobus zerbitzuak

A. Olaizola 2015eko martxoaren 4a

Azkoitiko Urbanue herri barruko autobusak behin betiko ordutegia du dagoeneko, martxan jarri zenetik hainbat moldaketa egin eta gero. Izan ere, zerbitzuaren ordutegia «herritarren arabera» egokitu izan du Azkoitiko Udalak, eta besteak beste Altzibar ...

Azkoitiko Urbanue herri barruko autobusak behin betiko ordutegia du dagoeneko, martxan jarri zenetik hainbat moldaketa egin eta gero. Izan ere, zerbitzuaren ordutegia «herritarren arabera» egokitu izan du Azkoitiko Udalak, eta besteak beste Altzibar eta beste auzo batzuetako haurrak ikastetxeetara joateko zerbitzua sendotu egin dutela gogoratu dute. Aurrerantzean izango duen behin betiko ordutegia, berriz, udal webgunean, udaletxean eta geltokietan eskuratu daiteke. Era berean, irailean Urbanue jarri zutenetik urte amaiera arteko datuak eman ditu udalak. Honen arabera, 86 lagunek erabili dute autobusa, eta hirugarren linea izan da erabiliena, Floreaga auzora doana.

Bestalde, eskualdean bezala, Azkoitian ere autobus zerbitzu berriak dituzte igandeaz geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundiak hala erabakita. Gainera, urteetan herritarrek egindako eskariari erantzunez, Lurraldebusen autobus guztiak Altzibarko geltokian ere geldituko dira aurrerantzean. Orain arte Zumarragarako autobus lineak bakarrik egiten zituen geldialdiak han, baina Donostiara eta Zarautzera joaten zirenek ez. Udalak aldundiari hala eskatuta berreskuratu dute geltoki hori zerbitzu guztietan.

Zerbitzuekin, «ingurumenaren alde egindako apustua» nabarmendu dute. Izan ere, norbere autoa etxean utzi eta garraio publikoa erabiltzea «erosoagoa eta merkeagoa» izateaz gain, herritarrentzat ere onurak ekarriko dituela adierazi dute: «Autoen zirkulazioa gutxituko da, eta ingurumenaren kalitatea hobetuko da, karbono dioxidoaren isurketak nabarmen jaitsiko direlako». Hala, autobusa erabiltzera animatu ditu udalak herritar guztiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide