Gazteengan arreta jarrita ikasiko dute On Boscoren lana Kultur Jardunaldietan

Ane Olaizola 2015eko martxoaren 4a

Floreaga Ikastetxearen eta Guraso Elkartearen eskutik, gaurtik apirilaren 18ra bitartean hiru hitzaldi eta bertso saio bat egingo dituzte Azkoitian. Bertso saiorako txartelak erreserba daitezkeFloreaga Ikastetxeak eta hango Gurasoen Elkarteak, Azkoitik...

Floreaga Ikastetxearen eta Guraso Elkartearen eskutik, gaurtik apirilaren 18ra bitartean hiru hitzaldi eta bertso saio bat egingo dituzte Azkoitian. Bertso saiorako txartelak erreserba daitezke

Floreaga Ikastetxeak eta hango Gurasoen Elkarteak, Azkoitiko Udalaren babesarekin, XXVI. Euskal Kultur Jardunaldiak antolatu dituzte datozen asteetarako. Ikastetxeko komunitate aurten salestarren fundatzaile Joan Boscoren jaiotzaren 200. urteurrena ari da ospatzen, eta beraz, gaur hasiko diren jardunaldiek santuaren lana eta bizia izango dute ardatz. Ohi bezala, hiru hitzaldi eta bertso saio bat izango dira jardunaldietan, eta hitzaldi gehienak Joan Boscoren ingurukoak izango dira. Era berean, gazteei emango diete garrantzia. Juan Inazio Sudupe antolatzailearen arabera, «oso maila altuko hizlariak» izango dira ikastetxeko On Bosco aretoan, eta gaiak ere «erakargarriak» izango dira.

Jon Miren Landa EHUko Zuzenbide Penaleko irakasle titularrak irekiko du gaur arratsaldean egitasmoa. Zazpi liburu eta 40 artikulu baino gehiago argitaratu ditu Landak, eta arrazakeria, xenofobia, diskriminazioa, gorroto delituak eta zigorrak dira bere ikerkuntzaren lerro nagusiak. Hain zuzen, gaur egungo «gizarte anitzean gorrotoa eta indarkeria» gainditu eta gazteen heziketan nola eragin daitekeen hausnartuko dute.

Mikel Ormazabal apaiz eta Euskadiko Kristau Eskolako zuzendari nagusiaren eta Koldo Gutierrez teologoaren txandak izango dira gero, eta haiek Joan Boscoren bizitzan sakonduko dute. Honek XIX. eta XX. mendeetan misioan eta pedagogian izandako eragina eta gazteentzat hasitako lanbide eskolak jorratuko ditu Ormazabalek, martxoaren 11n, Don Bosco, gazteen aita eta maisua: laboral eta hezkuntza proposamena hitzaldiaren bidez.

Martxoaren 18an, berriz, Joan Boscok eskaini zuen heziketa estiloa eta egun duen eragina landuko du Gutierrezek, Don Bosco: un educador de corazon hitzaldian. Ohi bezala, bertso saio batekin itxiko dituzte jardunaldiak, apirilaren 17an, eta aurten Aitor Mendiluzek, Igor Elortzak, Jone Uriak eta Sebastian Lizasok saio polita egingo dutela uste dute antolatzaileek. 200 lagunentzako lekua egongo da, eta sarrerak dagoeneko erreserbatu daitezke, 943-85 30 43 zenbakira deituta edo zuzendaritza@floreaga.com helbidera idatzita. Txartelak apirilaren 13tik aurrera banatuko dituzte, eta Beningo kaleko umeei laguntzeko proiekturako borondatea eman ahal izango da. Saio guztiak On Bosco aretoan egingo dituzte, 20:00etan, eta doan izango dira.

«Jardunaldi berezia»

Kultur Jardunaldiek izaten duten «erantzun ona» azpimarratu du Sudupek, eta aurreko urteetako balorazio positiboa egin du. «Guraso Elkarteak lan handia egiten du herritarrentzat interesgarriak diren gaiak jorratzeko hitzaldiak eskaintzen». Oro har, gizarte gaiak jorratzen dituzte hitzaldien bidez, baina aurtengoa «berezia» dela aitortu du; «agian, gizartearentzat ez dira hain erakargarriak izango, baina bere efemerideak merezi du». Batez beste, 50 eta 60 lagun artean elkartu ohi dira hitzaldietan, eta bertso saioak aretoa bete egiten du. Aurten ere hala izatea espero dute, «izen oneko» bertsolariak izango direlako taula gainean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide