Eguzki Bideoak, Geronimo de Uztariz Institutua eta Memoriaren Bidea elkarteek elkarlanean egindako
Zerrauts Ogia. Gosearen grebak dokumentala aurkeztuko dute gaur Azkoitiko Matadeixen, 19:30ean.
Patxi Egilaz da d0kumentalaren zuzendaria, eta Frankismoaren "garai gogorrenetan" izandako lehen grebak kontatzen ditu lanak.
Zuzendaria bera izango da gaurko aurkezpenean, eta esan duenez, "garai hartan izan zuten adorea" azaldu dute dokumentalaren bidez. "Emakumeak hasi ziren protestan. Ekintza espontaneoak egiten zituzten kaleetan edo saltoki aurretan, janariaren kalitate txarrarengatik. Gero, ekintzak zabaldu eta antolatuagoak egiten zituzten. Orduan, biziraupenaren alde borrokatzen hasi ziren". Emakumeek hasitako protestak izan ziren, gero gizarte osora zabaldu bazen ere, eta hain zuzen, emakumeen protagonismoa azpimarratu du Egilazek, fabriketan ere antzeman baitzen haien eragina.
36ko Gerra ostetik hasi, eta Katalunian eta Euskal Herrian 1947 eta 1951 urte bitarteko grebak jorratu dituzte dokumentalean. Protesten azken bolada 1951ean izan zen; martxoan, Katalunian hasi ziren grebekin, eta apirilaren 23 inguruan Gipuzkoara eta Bizkaiara zabaldu ziren. Informazio askorik aurkitu ez duela aitortu arren, zuzendariak adierazi du grebok izan zutela eraginik eskualdean: "Egunkari batean topatu dut lehenengo grebak Azkoitian eta Azpeitian egin zituztela, apirilaren hasieran".