'Euskal Harria, munduko harriak' egitasmoarekin, hainbat jatorritako pertsonak elkartu nahi ditu Azkoitiko Auzoko taldeak. 17:30etik 19:30era artean ibiliko dira jolasean.
Azkoitiko Auzoko taldeak, Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen eta udalaren laguntzarekin, Euskal Harria, munduko harriak egitasmoa antolatu du biharko. Jatorri desberdinetako herritarrak elkartu, eta munduko hainbat herrialdek eta komunitatek dituzten jolasak ezagutaraziko dituzte saioaren bidez, guztietan ere harria oinarri hartuta. Elkargunean egingo dituzte munduko jolasak, 17:30etik 19:30era, eta lagunarteko saioa izanik, merienda ere egongo da. Interesa duten herritar guztiek hartu dezakete parte.Herrialdez herrialde, jolas antzekoak errepikatzen direla ohartuta, harria kohesiorako tresna gisa hartu eta munduan egiten dituzten jolasak egingo dituzte. Izan ere, jolasek harremanak egiteko balio izaten dute, eta hain zuzen, antolatzaileek ekimenarekin jatorri desberdinetako herritarrak batu eta elkar ezagutzea dute helburu. «Auzoko zubia da euskara ikasteko eta kulturak batzeko. Bide horretan, konturatu gara jolas batzuk han eta hemen jolasten direla, eta herrialde guztietan daudela harriekin lotutako jolasak. Guztionak diren gauzak topatu, eta ez garela horren desberdinak adierazi nahi dugu. Hau da, bakoitzak bere nortasuna erakutsi eta besteena errespetatuta, funtsean guztiok antzekoak garela uste dugu», adierazi du Auzoko taldeko dinamizatzaile Tere Aldalurrek.
Euskal Herrikoari dagokionez, Aldalurren umetako jolas bat gogoratuko dute. «Harria eskuan hartu, eta abesti bat kantatuz, eskutik eskura pasatuko dugu, norbaiten eskuan geratu arte». Beste hainbat herrialdeetakoak ere egingo dituzte; hala nola, Kolonbia, Mexiko, Pakistan, Senegal eta Saharakoak. Aldalurrek esan du konturatu direla, ohituraz, batez ere emakumeek jolasten dituztela jolas horiek, eta askotan, gainera, herrialde bakoitzak dituen ezaugarrien araberakoak izaten dira: Saharan, esaterako, hondar artean harria ezkutatu eta hura aurkitu behar dute. Pakistango eta Senegalgo Gitey eta Teengo jolasak, berriz, antzekoak direla adierazi dute. Senegalen, esaterako, lurreko bi harri eta airera botatako beste bat hartu behar dute, azken honek lurra jo baino lehen.