2013ko zaldi proba
(Onintza Lete Arrieta)
Igandean, Aingeru Guardako Eguna ospatuko dute Azkoitian, eta hori dela eta, festak izango dituzte Baztarrikalde auzokoek asteburuan. Bihartik hasita, egitarau berdintsua izango dute auzotarrek: mus txapelketarekin hasiko dituzte festak, 22:30ean, Orion elkartean. Izen ematea 20 eurotan egongo da, eta lehenengo bikoteak 300 euro, txapelak eta opariak jasoko ditu; bigarrenek, 200 euro eta opariak irabaziko dituzte, eta hirugarrenek eta laugarrenek 100 euro eta oparia eta Isidro jatetxean bi lagunentzako afaria jasoko dute.
Igandean izango dira gainontzeko ekitaldiak, eta Aingeru Guardako ermitako mezekin hasiko dute eguna. 10:00etan, 12:00etan eta 13:00etan izango dira elizkizunak, eta ohitura den bezala, erroskilak saltzeko postuak ere jarriko dituzte. 13:00etan, herri kirol saioa egingo dute auzoan: harri jasotzaileen artean, Goenatxo III.ak eta Gustak hartuko dute parte, eta aizkoran Txikia IV.a eta Alkizalete izango dira. Era berean, auzoko txirrindulariek eta korrikalariek hartuko dute parte.
17:30ean, berriz, Joxe Astarbe Saria jokatuko dute, eta oraingoan asto eta giza proba egingo dute. Txibilter eta Koatei astoak eta Inaxio Arregi Burni lehiatuko dira. Gainera, egun osoan zehar trikitilariek girotuko dute auzoa.