Igande honetan Azkoitian eskainiko dute lana. Iñigo Aranbarri azkoitiarra da aktoreetako bat, eta erakunde publikoen laguntza aldarrikatu du
Azkoitiko Matadeiko VI. Antzerki Jardunaldien barruan, Dejabu Panpin Laborategiaren Arrastoak antzezlana ikusteko aukera izango da igandean, 19:00etan, Baztartxo antzokian, eta sarrera 5 euro kostako da. Hain zuzen, Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarrak parte hartzen duen lan honek jaso zuen herenegun Donostia Antzerkia Saria. Arrazoia, hau: «Umorearen eta dramaren bitartez, gaurkotasuna galdu ez duten gaiak ausardiaz lantzeagatik». Adibidez, «non gauden eta nondik gatozen» jorratu dute. 10.000 euroko saria jasoko du taldeak, eta horietako 2.000 euro hurrengo hiru urteen barruan Donostian beste antzerki lan bat estreinatzeko bideratuta daude.Iazko azaroaren lehen egunean estreinatu zuten Luhuson, eta bigarren emanaldia Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan egin zuten. Ordutik, besteak beste Zumaian eta Zarautzen ere eskaini dute antzezlana. Aranbarrirekin batera osatzen dute antzezle taldea Urko Redondok, Miren Alkalak eta Ainara Gurrutxagak.
Gustura ari dira Arrastoak antzezlanarekin, «dagoeneko hogei bat emanaldi egin ditugu, eta zabalkunde horretan Artedrama plataformaren laguntza dugu». Bestetik, aktore bezala antzezlanak jolaserako aukera ematen diotela dio Aranbarrik: «Oholtza gainean pasatzen den hori guztia lau lagunen artean egiten dugu, eta lauron artean oholtza betetzen saiatzen gara». Barruko lanean gustura ari da, eta ikusleen aldetik jasotako harrerarekin ere halaxe dago, «azken batean lan baten zirkulua ikusleek azaldutako harrerarekin ixten baita».
Sariarekin gustura dago Aranbarri, baina HITZAri esan dio oraindik antzerkigintzaren alde egiteko asko dagoela: «Oso gustura gaude sariarekin, eta asko eskertzen dugu. Baina, antzerkigintzan egunerokotasuna bestelakoa da, lan asko egin beharra dago konpainia mantendu eta obra berriak sortzeko». Donostiako antzoki publikoetan urte osoan egindako euskarazko antzezlanen artean erabakitzen da sariduna. «2014an Donostiako antzoki publikoetan euskarazko 15 antzezlan bakarrik egin dira», zehaztu du azkoitiarrak. Antzerkia programatu beharra dagoela uste du, baina horrez gain, lan berrien sortze prozesuan ere erakunde publikoek lagundu beharra daukate, «horretarako espazio publikoak zabalduz-eta».