"Marik hainbat izen ditu: bailaran 'Amuteko dama' esaten zaio"

Ane Olaizola 2015eko otsailaren 26a

Gurutz Garmendiak eta Josu Arrietak Urola Erdiko kondairak jaso dituzte ‘Urola aldeko kontuk eta komerixek’ liburuan (Ane Olaizola/Hitza). Urola Erdiko mitologia berreskuratzeko asmoz, Gurutz Garmendiak (Azkoitia, 1972) Urola Erdiko ipuin, kontakizun eta legenda zaharrak bildu ditu Urola aldeko kontuk eta komerixek liburuan. Belaunaldiz belaunaldi, eta ahoz aho transmititu izan diren kondairak bildu ditu, eta horiek oinarri izanda, Garmendiak berak beste hainbat ipuin asmatu ditu. Hamar kontakizunek osatzen dute liburua, eta Josu Arrieta (Azkoitia, 1961) margolariak ilustratu ditu testuak. Hiru urtetako lanaren ondoren, bihar aurkeztuko dute liburua, Azkoitiko Elkargunean, 19:00etan. Bailarako ipuinak izanik, ordea, beste herrietan ere egingo dituzte aurkezpenak. Kukuherriko erraldoia, Axarko azeria, lamiak... Askotariko pertsonaiak eta kontakizunak jaso dituzte liburuan. Eskualdekoak dira legenda guztiak, baina Garmendia jakitun da pertsonaien izenak aldatu egiten direla lekuz leku: «Jose Migel Barandiaranen Mitologia vasca bilduman, agertzen den damak —Mari— izen desberdinak ditu, eta bailaran, esaterako, Amuteko dama esaten zaio», esan du Garmendiak. Horren adibide, ipuinetako bat Amuteko damaren hiru opariak da. Sanson jentilarekin ere gogoratu dira: «Izarraitzen bada Sanson harri izeneko harria. Kontakizun batzuk badaude jentilak Aitza mendi inguruan bizi zirela esaten dutenak, eta ipuinetako bat horretan oinarritzen da». Horrez gain, erromatarrak sartu ziren garaiko borroken inguruko beste kontakizun bat ere jaso dute. Mitologia berreskuratu Gaiarekiko duen interesak bultzatuta abiatu zuen Garmendiak proiektua, eta hiru urtez aritu da hura prestatzen. Adinekoei elkarrizketak egin dizkie, eta zenbait argitarapenetatik ere dokumentatu da. Era berean, Barandiaranen bildumatik ere jaso ditu ipuinak. Arrietak, berriz, Poliki-poliki izenpean egiten dituen margoen margolanen estiloa mantendu du: «Pertsonaiei lotutako ilustrazioak dira, oso sinpleak». Liburua jendartean «interesa sortu» eta gaia berreskuratzeko lehen pausoa izatea nahi dute: «Hamar ipuin jaso ditugu, baina hemen dagoen aberastasuna ikaragarrizkoa da. Azterketa sakon bat egin behar da, dagoen ondarea jasotzeko». Berreskurapen hori, gainera, «lehenbailehen» egin behar dela azpimarratu dute, galdu baino lehen. Izan ere, transmisioa eten egin denaren jakitun dira, besteak beste «industrializazioaren eta komunikabideen eraginez». Gainera, mitologia bera ez ezik, transmisiorako moduak ere berreskuratu nahi izan dituzte: «Lehengo ohitura zen baserrietan aiton-amonek bilobei kontatzea, eta eredu horri eutsi nahi diogu». Horretarako, bihar aurkezpena egin eta gero, gaiaren inguruko solasaldia egingo dute bertaratzen direnekin. Hamar eurotan salduko dute liburua, oraingoz, Azkoitiko Lujan, Amaitz eta Hizki dendetan. Azkoitiko FK Kopistegiak maketatu eta inprimitu dizkie liburuak, eta haien lana goraipatu dute. Udalaren laguntza ere izan dute, eta hitzarmen bat sinatu dute. Hala, ipuin kontaketak eta tailerrak egingo dituzte herrian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide