Intsaustin zuten auzia itxi dute Azkoitia Lantzenek eta enpresek

Ane Olaizola 2015eko otsailaren 24a

Intsausti Jauregiaren atzean ziren egitekoak etxebizitzak
(Ane Olaizola) Azkoitia Lantzenek zabalik zuen auzirik handienetarikoa itxi egin da. Izan ere, Biteso eta Sierras Sabi enpresekin akordiora iritsi da udal sozietatea, eta beraz, Intsausti eremu industriala bizitoki bihurtzeko proiektua gauzatzeko bi aldeek zituzten konpromisoak bertan behera utzi dituzte. Urrategi Alberdi alkateak eta Esther Lizarralde alkateordeak eman dute akordioaren berri, eta «albiste benetan pozgarria» dela azpimarratu dute. Intsaustin etxebizitzak egiteko proiektua auzibidean izan da azken bi urteetan. Izan ere, Azkoitia Lantzenek eta gune horretan zeuden Biteso, Sierras Sabi eta Galmak XXI enpresek ez dituzte 2007an sinatutako konpromisoak bete. 2007ko kontratuetan zehaztutako 1.980.000 milioi euroko bermea eskatzen zien orain arte Bitesok Azkoitia Lantzeni, eta auzia konpontzeko negoziaketetan izan dira azken urtean. Kalteak ordaintzeko, Azkoitia Lantzenek 300.000 euro ordaindu dizkie azkenean Biteso eta Sierra Sabiri, eta bi aldeek zituzten konpromisoak likidatuta, auzi guztia konpondu egin dute. Kalte ordainak langileentzat 2007an, Azkoitia Lantzenek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Intsausi bizitoki bihurtzeko proiektua hasi zuten, eta 550 etxebizitza —gehienak libreak— egiteko hainbat kontratu sinatu zuen Biteso, Sierras Sabi eta Galmak XXI enpresekin. Lehenengo biak lurren jabeak ziren, eta hirugarrenak jarduera industriala zuen han. 2010ean 690era igo zuten etxebizitzen kopurua, eta bakoitza 300.000 eurotan saltzea aurreikusten zuten. Etxebizitzak egiteko, lekuan zeuden enpresek Oinartxoko industrigunera lekualdatu behar zuten, baina ez dute euren hitza bete. Gainera, Sierras Sabi eta Galmak itxita daude egun. Azkoitia Lantzenek ere ezin izan ditu bere konpromisoak bete, eta ordutik batak besteari salaketak jarri dizkiote. Akordio honekin, gainera, enpresek langileei zor zizkien kalte ordainak ordaintzea ahalbidetu dute. Izan ere, Azkoitia Lantzenek eman dien dirua horretara bideratu dute. Alberdik gogoratu du udalean gobernu berria sartu eta hiru urtera eman diotela irtenbidea. «Zaila izan da, baina azkenean lortu da, bi enpresekin egin den akordioari esker». Honen arabera, enpresak 1.980.000 euro eskatzen bazizkien ere, Azkoitia Lantzenek «milioi askotako» konpromisoak zituen proiektu honekin, besteak beste deskontaminazio eta urbanizazio lanen eraginez. Aurreko legealdietan EAJk diseinatutako proiektua gauzatzea, gainera, udalarentzat «porrota» izango zela berretsi du alkateak.   Txalon Errekan eta Intsaustin zer egin aztertuko dute Intsaustiko eremuarekin bezala, Azkoitia Lantzenek Txalon Errekan zituen proiektuekin zer egin aztertzeko enpresa bat kontratatu du. Bi eremu horietako arauak aztertu eta zer egin daitekeen proposatuko diete udal sozietateari, hasiera batean zehaztutako proiektuak egun «ezinezkoak» direlako egitea. Urtebete inguruko lana izango da, eta besteak beste beste bilerak egingo dituzte hango lur jabeekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide