Dejabu Panpin Laborategiaren
Arrastoak antzezlana
igandean (martxoak 1) da Azkoitian, 19:00etan, Baztartxo antzokian.
Matadeiko VI. Antzerki Jardunaldien barruan antolatu dute. Sarrera 5 euro izango da.
Donostia antzerkia saria jaso du gaur,
Iñigo Aranbarri azkoitiarra aktoreetako bat den lanak. Saria ematea erabaki duen epaimahaiaren arabera, "umorearen eta dramaren bitartez, gaurkotasuna galdu ez duten gaiak ausardiaz lantzen ditu Dejabu Panpin Laborategiaren
Arrastoak antzerki lanak, non gauden eta nondik gatozen, adibidez". 10.000 euroko saria jasoko du taldeak, eta horietako 2.000 euro hurrengo hiru urteen barruan Donostian beste antzerki lan bat estreinatzeko bideratuak.
Iazko azaroaren lehen egunean estreinatu zuten Luhuson, eta bigarren emanaldia
Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan egin zuten. Ordutik, Zumaian eta Zarautzen ere egin dute. Iñigo Aranbarrirekin batera antzezle taldea Urko Redondok, Miren Alkalak eta Ainara Gurrutxagak osatutakoa da.
Gustura ari dira
Arrastoak antzezlanarekin, "dagoeneko hogei bat emanaldi egin ditugu, eta zabalkunde horretan Artedrama plataformaren laguntza dugu". Bestetik, aktore bezala antzezlanak jolaserako aukera ematen diotela dio, "oholtza gainean pasatzen den hori guztia lau lagunen artean egiten dugu, eta lauron artean oholtza betetzen saiatzen gara". Barruko lanean gustura ari da, eta ikusleen aldetik jasotako harrerarekin ere halaxe dago, "azken batean lan baten zirkulua ikusleek azaldutako harrerarekin ixten baita".
Donostia Antzerki Saria gaur jaso dute, gustura dago Aranbarri, baina oraindik antzerkigintzaren alde egiteko asko dagoela esan dio HITZAri: "Oso gustura gaude sariarekin, eta asko eskertzen dugu. Baina, antzerkigintzan egunerokotasuna bestelakoa da, lan asko egin beharra dago konpainia mantendu eta obra berriak sortzeko". Donostiako antzoki publikoetan urte osoan egindako euskarazko antzezlanen artean ematen da saria, eta
Arrastoak izan da jaso duena. "2014an Donostiako antzoki publikoetan euskarazko 15 antzezlan bakarrik egin dira, eta horien artetik erabakitzen da sariduna". Antzerkia programatu beharra dagoela uste du, baina horrez gain lan berrien sortze prozesuan ere erakunde publikoek lagundu beharra daukate, "horretarako espazio publikoak zabalduz-eta".
https://vimeo.com/zazpiterdi/arrastoak