Plataformako kideak, atzo, erabakiaren berri ematen
(Ane Olaizola)
Azkoitiko Atez Atekoaren Aurkako Plataformak orain arteko jarrera mantendu, eta Hondakinen Mahaiaren jarraipen batzordean ez parte hartzea erabaki du. Egungo sistemari dagokion aldaketak egiteko adosteko, bertara joan daitezen gonbidatu die udalak, eta erantzunaren berri eman zuten atzo kideek: "Gure erantzuna zuzena izan da. Ez gara bilera hauetara joango, Azkoitiko herriak garbi utzi du zein sistema ez duen nahi eta zein bai", esan zuten.
Taldearen ustez, "herritarrek behin baino gehiagotan esan dute ez dutela sistema mistoa nahi", eta horien arabera "ez dago ezer negoziatzeko". "Hiru urte daramatzagu azterketak, bilerak, frogak eta hausnarketa desberdinak egiten. Bada ordua kontrolatutako bosgarren edukiontziko sistema jarri eta alferrikako gastuak egiteari uzteko". Plataformaren iritziz, edukiontzien sistemarekin "posible da birziklatze helburuetara iristea", eta euren eskaera da txipdun edukiontzien bidez funtzionatu eta errefusa "edonoiz botatzeko moduan" jartzea: "Jakin badakigu helburuek ez dituztela moduak justifikatzen, baina udaletxe honek badaki, beste hainbat herritan, zintzilikariorik gabe, birziklatze tasak lortzen ari direla. Kasu garbia Tolosakoa omen da; hau da, 2014ko abendurako %76ko birziklatze tasa lortu omen dute". Txipdun edukiontzi bidezko hondakinen derrigorrezko gaikako bilketa delakoa dute Tolosan; hau da, erabiltzaile bakoitzak txartel bat du organikoaren eta errefusaren edukiontziak irekitzeko, eta herritarrek gehienez astean hiru aldiz ireki dezakete organikoaren edukiontzia; errefusarena, berriz, astean behin erabili dezakete.
Herri galdeketa sistema mistoa jarri eta ondoren egitea kritikatu du plataformak, eta euren nahia sistema "inposatzea" zela adierazi dute. Dena den, herri galdeketako emaitzak ezarri ditzala eskatu diote udalari.
Azkoitian urtarrilaren 25ean egin zuten herri galdeketa, honako galderarekin: Egokia ikusten al duzu hondakinak biltzeko udalak martxan jarri duen sistema mistoa? Herritarrek, Bai edo Ez erantzun behar izan zuten. 9.258 herritarrek zuten botoa emateko aukera, eta haietatik 3.307 lagunek egin zuten, %35,7ak. Bozkatu zuten gehienek, %53,6ak, sistema desegokitzat jo zuten. Sistema mistoaren aurkako emaitzak irabazi eta gero, egin beharreko aldaketak "guztien artean" adostu nahi izan ditu udalak, Hondakinen Mahaiaren jarraipen batzordean. "Emaitza guztiak" hartuko zituztela kontutan esan dute; horretarako, ordea, azpimarratu zuten ezetzaren aldekoek, tartean plataformak, "ezinbestekoa" zutela Hondakinen Mahaiaren jarraipen batzordean parte hartzea.
Plataformak, bere aldetik hainbat ekimen egin du azken urteetan. Besteak beste, sinadura bilketa bat egin zuen herrian, eta haien arabera, 3.547 sinadura bildu zituzten atez atekoa alboratu eta bost edukiontzien sistema defendatzeko. Iaz, berriz, herritarrek txipdun bosgarren edukiontzien sistema ala sistema mistoa nahi zuten erabakitzeko herri galdeketa egiteko beste sinadura bilketa bat hasi zuen, eta 1.689 lagunek egin zuten bat eskaerarekin. Honen aurrean, "emaitzak ezarri" eta "hondakinen gaiarekin amaitu" dezatela eskatu dute, "ziurrenik zaborrarenak baino garrantzitsuago diren beste hainbat arazo badituelako herri honek".