Herrixen txartel berria kaleratu dute Azkoitian, zerbitzu gehiagorekin

Ane Olaizola 2015eko otsailaren 19a

Jon Ander Azkue, Olaia Zabaleta, Ainhoa Larrañaga eta Jesus Oteiza, gaur, aurkezpenean
(Azkoitiko Udala) Azkoitiko Herrixen merkatari elkarteak eta udalak Herrixen erosketa txartel berria kaleratu dute, esparru eta kolektibo gehiagorengana iristeko asmoz. Izan ere, orain arteko Herrixen txartelarekin zituzten «abantailez» gain, txartel berriaren bidez zerbitzu gehiago izango dituzte erabiltzaileek. Atzo aurkeztu zuten txartel berria, Jon Ander Azkue Nafarroako Rural kutxako ordezkariak, Olaia Zabaleta Herrixen elkarteko teknikariak, Ainhoa Larrañaga Herrixen elkarteko lehendakariak eta Jesus Oteiza Azkoitiko Udaleko merkataritza zinegotziak. Nafarroako Rural Kutxaren bidez kudeatuko dute txartel berria, eta udalak adierazi duenez, hainbat abantaila izango ditu, «bai herritarrentzat eta baita herriko merkatari txiki eta jatetxeetan ere». Aldaketa nagusienetako bat izango da Visa kreditu txartel gisa funtzionatuko duela; hala, elkarteko saltokietan ez ezik, munduko edozein lekutan erabili ahal izango da, ordaintzeko edo dirua ateratzeko. Txartelaren helburuetako bat izan da zerbitzu desberdinak txartel bakar batean txertatzea. «Pauso bat gehiago eman nahi izan dugu, eta besteak beste orain arte Herrixen txartela erabiltzen ez zutenengana zabaltzeko aukera emango luke», esan du Zabaletak. Hala, besteak beste, Elkarguneko eta liburutegiko bazkide direnek Herrixen txartelaren bidez hara sartzeko aukera izango dute. Horrez gain, txartelarekin hainbat eskaintza izango ditu erosleak: deskontuak, puntuak, erosketa baleak eta sariak izango dituzte, eta gasolindegietan beherapenak jasoko dituzte. Era berean, udalari ordainketa batzuk egiteko aukera ere izango da txartelarekin. Txartela eskuratzeko Elkargunean, Herrixen elkarteko saltoki eta jatetxeetan eta Nafarroako Rural Kutxaren bulegoan eskatu daiteke. Txartela ateratzea doakoa da, eta hura erabiltzeko ez dago Rural Kutxako bezeroa izan beharrik. Gainera, iruzurrezko erabilera kasuak eta istripuzko heriotza estaltzen dituen asegurua izango du, eta orain arte bezala, Herrixeneko saltokietan erosketak egiten dituztenek hiru hilabetetan ordaintzeko aukera izango du, interesik gabe. Outlet Azoka asteburuan Elkarteko kide diren dendari eta jatetxe txikiek ere «abantailak» izango dituztela azpimarratu dute, kostuak gutxituta, euren lehiakortasuna hobetu eta eskaintzak egiteko «aukera handiago» izango dutelako, «irudia eta komunikazio ikuspegia sendotuz». Era berean, bezeroari zerbitzu hobea ematen ere lagunduko dielakoan dira, «epe luzerako fidelizaziorako aukerak» emango dizkietelako. Hori hala, udalak proiektua babestea erabaki du, «herriko merkataritza eta ostalaritza sustatu eta laguntzeko balio duelako, eta aldi berean, herritarrei abantailak eskainiko dizkietelako». Bestetik, Herrixenek Outlet Azoka prestatu du seigarren aldiz astebururako. Ohiko formatua izango du: Elkargunean, hamabi saltokik aurreko denboraldietako eskaintzak salduko dituzte. Larunbatean 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara zabalduko dute, eta igande goizean ere ordutegi berdina izango du. Aurten, ordea, igande arratsaldean itxita egongo da, jende gutxi ibili ohi delako aurreko urteetan. Beste behin, hiru eta 10 urte bitarteko umeentzako haurtzaindegi zerbitzua jarriko dute ondoko gelan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide