Emakumeen kultur aniztasun gunea mantentzea erabaki du udalak, eta sendabelarren ikastaroaren bigarren zatia egingo dute. Izena hurrengo ostiralerako eman behar da
Azkoitiko Udalak emakumeak ahalduntzeko ikastaroak antolatu ditu bigarren urtez. Emakumeek dituzten kezkak eta interesak partekatzeko eta norberaren errealitate pertsonalari, sozialari eta politikoari buruz hausnartzeko asmoz, hainbat ekimen egingo dute datozen hilabeteetan herrian, eta horretarako guneak «emakumeen topaleku» bihurtuko dituzte.Izan ere, emakumeak ahalduntzeko lehendabizi sentsibilizatu egin behar direla azpimarratu du udalak. «Benetako berdintasuna lortzeko emakumeok ahaldundu egin behar dugu. Ahalduntzea boterea hartzea da; geure burua edozer egiteko gai ikusi behar dugu. Izan ere, gizarteak rol jakin batzuk ezartzen dizkigu, eta estereotipoen zergatia jakin eta horiekin amaitu behar dugu, nahi duguna egiteko gai izan gaitezen eta kontzientzia har dezagun, ondoren gauzak eraldatzeko».
Bost ikastaro egingo dituzte uztailera bitartean, Elkargunean, eta adin guztietako emakumeek har dezakete parte. Besteak beste, sendabelarren eta sendagai naturalen ikastaroaren bigarren zatia egingo dute. Osasuna zaintzeko inguruko landareek dituzten ezaugarriak ezagutu eta egunerokoan erabiltzen diren produktuak egiten ikasten jarraituko dute. Dena dela, udalak argitu du lehenengo zatian egon ez zirenek ere, orain parte hartzeko aukera dutela. Gainera, irteera bat ere egingo dute, inguruko sendabelarrak ezagutzeko.
Era berean, emakumeen kultur aniztasunerako gunearekin jarraituko dute aurten. Iaz sortu zuten gunea, besteak beste kultura eta gastronomia partekatu eta ezagutzeko eta munduko emakumeen eskubideez gehiago ikasteko. Zortzi lagun inguruk hartzen dute parte, eta horregatik, ekimenarekin jarraitzea erabaki dute. Besteak beste, Senegali buruzko hitzaldi bat egin dute, eta hurrengoa Mexikori buruzkoa izango da, betiere genero ikuspegiaren arlotik.
Beste hiru ikastaroak, berriz, berriak izango dira: «Sexu genero sistemaren araberako hezkuntza jaso dugu, guztiok gara jendarte patriarkalaren ondorio, eta honek gaixotu egiten gaitu. Kontraesanez beteta egiten dugu egunero aurrera, askotan ulertu ezinik. Hau ulertzeko eta geure buruen jabe izateko, beharrezkoa da gure eskubideen aitortza eta bermea lortzea». Hala, Ekin Feminismoari ikastaroaren bidez emakumeek dituzten bizipenak azaldu eta elkarrekin ikasteko aukera izango dute, barruko eta kanpoko eraldaketarako.
Norbere garapena lantzeko ikastaroan, berriz, autoestimua landuko dute, horrek ahalduntzearen ideia ulertzen laguntzen duelako: «Garatze eta finkatze prozesua, autonomia eta autogestiorako gaitasuna, nork bere bizitzaren ardura hartzea eta gure bizitzaren protagonistak garela sentitzea». Azkenik, bideogintza tailerrean istorioak prestatzen, filmatzen eta muntatzen ikasiko dute, lantaldean.
Ikastaroetako batzuk martxoan hasiko dira, eta horietarako izena emateko epea hurrengo ostiralean amaituko da. Beranduago hasiko diren ikastaroetarako, berriz, geroago eman ahal izango da izena. Horretarako edo informazio gehiagorako, udaletxeko berdintasun bulegora joan, berdintasuna@azkoitia.eus helbidera idatzi edo 943-54 20 14 zenbakira deitu daiteke. Tokia mugatua da, eta behar izanez gero, haurtzaindegi zerbitzua eskainiko dute.
Udalak iaz antolatu zituen estreinekoz ahalduntze ikastaroak, eta oro har «harrera oso ona» izan zutela azpimarratu dute: «Zenbaitetan kostatu egin zaie izena ematea, lehenengo aldia izanik ez zituztelako ondo ezagutzen ikastaroak edo helburuak, baina parte hartu dutenak oso gustura egon dira».