Bost lagun gehiago batu dira Azkoitiko taldera, eta iazko maila mantentzea espero dute. Azkoitiko duatloia apirilaren 18an jokatuko dute, eta ibilbide bera izango du aurten
Azkoitiko Triatloi Klubak prest du denboraldi berria. Larunbatean Loiolan egin zuten aurkezpenarekin hasi dute, eta aurten ere iazko mailari eustea aurreikusten dute. Kirol horrek hartu duen ospea medio, kluba handitzen eta indartzen ari da urtez urte, eta aurten 40 lagun inguruk osatuko dute taldea.Sopelan egin zuten lasterketarekin hasi zen duatloi denboraldia, larunbatean. Hain zuzen, taldeko kide Jokin Sudupe Pio-k eta duatloian hasi berri den Jon Garatek «lasterketa polita» egin zutela azpimarratu du taldeak, baina Mikel Garatek, berriz, erretiratu beharra izan zuen. Datozen hilabeteetan lasterketa ugari izango dituzte, eta Euskal Herriko lasterketetan eta Espainiako hainbatetan hartuko dute parte. Besteak beste, Tarragonako (Herrialde Katalanak) Terres de L´Ebre Ironman erdian izango dira bederatzi lagun, apirilaren 26an.
Eguraldiaren eraginez, duatloiarekin hasi ohi dute denboraldia, eta udaberrian, triatloiaren txanda izaten da. Hain zuzen, apirilean amaituko dira aurtengo duatloiak, Azkoitiko lasterketarekin. Iaz, Euskal Herriko duatloien txapelketan hirugarren postuan sailkatu zen Azkoitiko taldea, eta triatloian, esaterako, Gipuzkoako txapeldun izan ziren sprint proban. Aurtengo denboraldirako ez dute helburu zehatzik finkatu, baina duatloian behintzat iazko maila antzekoa mantentzea espero dute. Duatloian, batez ere Imanol Larrañaga Bitturi, Mikel Garate eta Jokin Sudupe Pio ibili ziren aurreneko postuetan iaz, baina aurten Larrañaga ez da duatloian lehiatuko, mendiko lasterketetara hasi delako. «Dena den, Jon Garate (Ormaetxea Txirrindulari Elkartea) batu da aurten, eta beraz, antzeko emaitzak espero ditugu».
Kirolariek urteko edozein sasoitan egin dezakete bat elkartearekin. Oraingoz, bost taldekide berri batu dira klubera. Taldea Azkoitikoa bada ere, batez ere azpeitiarrek osatzen dute. «Taldean 40 baino gehiago bagara, azkoitiarrak hamar dira, eta gainontzekoak azpeitiarrak dira. Azpeitian zaletasun gehiago dago kirol honekiko», adierazi du klubeko kide eta komunikazio arduradun Aitor Beneitezek.
Modan dagoen kirola da triatloia, eta horren adierazgarri da lasterketetan parte hartzen dutenen kopurua nabarmen igo dela azken urteetan. «Katigatzen zaituen kirola da, oso osatua eta askotarikoa baita. Horrek entretenigarria egiten du». Azkoitiko kluba ere, hazten joan da. «Duela lau urte hamar lagun ginen». Azkoitiko Triatloi Kluba 1992az geroztik dago martxan, baina azken urteetan indarberritu egin dute hara batu diren gazteek. Duela lau urtetik, gainera, klubak berak antolatzen du Azkoitian egiten den duatloia, eta aurtengoa ere zehaztu dute: apirilaren 18an jokatuko dute, 15:30ean hasita. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, iazko ibilbide bera izango du, eta bigarren urtez distantzia motzeko Euskal Herriko Txapelketa ere izango da.
Dena den, oraindik gizonezkoei lotutako kirolak dira duatloia eta triatloia. Azkoitiko taldean, esaterako, Jone Garate da emakume bakarra. Hala, emakumeak kirol horietara batu daitezen animatzen dituzte, baina taldeak onartu du zaila dela: «Batez ere bizikletak eragiten die atzerakada; errepidera ateratzeak eta euren mailako lagun bat aurkitzeak».