Dirua banatzeko lau irizpide erabiliko dituzte: adina, errenta, elbarritasun maila eta etxebizitzaren kokapena. Gehienez, 350 euro emango dituzte etxeko hilero, urtebetez
Azkoitiko Udalak 60.000 euro bideratuko ditu 18 eta 35 urte bitarteko gazteei alokairua ordaintzeko diru laguntzak ematera. Etxebizitzan pertsona bakarra bizi bada, 27.000 euro baino gutxiagoko errenta izan beharko du laguntza eskatzeko; bat baino gehiago biziz gero, 34.000 euroko diru sarrerak baino gutxiago izan beharko dituzte, guztien artean. Erakundearen arabera, hiru helbururekin jarri dute martxan neurria: gazteei helduen mundura sartzeko prozesuan laguntzeko, alokairuko etxebizitzak sustatzeko eta irisgarritasun baldintzak betetzeko dituzten etxebizitzak eskuragarri jartzeko.Ordenantza joan den astean aurkeztu zuten udalbatzan, eta talde politiko guztiek aho batez onartu zuten. Beraz, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta udalaren webgunean argitaratu dute jada, herritarrek helegiteren bat jarri nahi badute ere.
Kopuruak, desberdinak
Errentaren arabera banatuko du dirua udalak; hau da, herritarrek dituzten diru sarrerei erreparatuta, diru portzentaje desberdinak jarriko ditu erakundeak. Oraingoz, bost laguntza mota eskainiko dituztela esan dute: %15ekoa, %20koa, %30ekoa, %40koa eta %50ekoa. Ordenantzak helegiterik jasotzen ez badu, bere horretan mantenduko dituzte pauta horiek. Dena dela, 250 euro jasoko dituzte, gehienez.
Bestalde, zehaztutako zifrei gehiagarriak txertatuko dizkiote, dagokien kasuetan. Horrenbestez, etxebizitza Alde Zaharrean hartuz gero, 50 euroko gehigarria emango zaie herritarrei, eta %65eko edo gehiagoko elbarritasun maila dutenei ere 50 euro gehiago eskainiko zaizkie.
Bi gehigarriak bateragarriak dira, beraz, %65 baino gehiagoko elbarritasuna duenak eta etxebizitza Alde Zaharrean hartzen duenak 100 euro gehiagoko diru laguntza izango du. Horrenbestez, denera, 350 euroko laguntza jaso dezakete eskaera egiten duten herritarrek.
Hamabi hilabetez jasoko dituzte laguntzak, hilero. Dagoeneko publikoa da ordenantza, eta helegiterik egoten ez bada, apirilerako izena emateko epea zabaldu nahi dute. Dena dela, uztailaren 24rako argitaratuko dute ebazpena, hau da, laguntzak eskatzen dituzten herritarrek data horretarako jakingo dute horien onuradunak diren edo ez. Urrategi Alberdi alkatearen hitzetan, «etxebizitza eskubidea bermatzeko» neurria da.