Urrategi Alberdi Azkoitiko alkatea (E. Albizu Lizaso)
Azkoitiko Udalak, "etxebizitza eskubidea bermatzeko" helburuarekin,
60.000 euro bideratuko ditu 18 eta 35 urte bitarteko gazteei alokairua ordaintzeko diru-laguntzak ematera. Erakundearen arabera, hiru helbururekin jarriko dute martxan neurria: gazteei helduen mundura sartzeko prozesuan laguntzeko, alokairuko etxebizitzak sustatzeko eta irisgarritasun baldintzak betetzeko dituzten etxebizitzak eskuragarri jartzeko. Aho batez onartu dute neurria udalbatzan, eta Gipuzkoako Boletin Ofizialean eta udalaren webgunean argitaratu dute, herritarrek helegiteren bat jarri nahi badute ere.
Errentaren arabera banatuko du dirua udalak; hau da, herritarrek dituzten diru-sarrerei erreparatuta, portzentaje desberdinak emango ditu erakundeak. Honakoak dira zehaztu dituzten portzentajeak, nahiz eta esposzio publikoan egon ostean, alda daitezkeen:
Ehunekoak, etxebizitzan pertsona bat bizi denean
25.000 eta 27.000 euro bitarteko errenta dutenentzat: alokairuaren %15. Gehienezko kopurua, 75 euro.
23.000 eta 25.000 euro bitarteko errenta dutenentzat: alokairuaren %20. Gehienezko kopurua, 100 euro.
21.000 eta 23.000 euro bitarteko errenta dutenentzat: alokairuaren %30. Gehienezko kopurua, 150 euro.
19.000 eta 21.000 euro bitarteko errenta dutenentzat: alokairuaren %40. Gehienezko kopurua, 200 euro.
19.000 euro edo gutxiagoko errenta dutenentzat: alokairuaren %50. Gehienezko kopurua, 250 euro.
Ehunekoak, etxebizitzan pertsona bat baino gehiago bizi direnean
32.000 eta 34.000 euro bitarteko errenta dutenentzat: alokairuaren %15. Gehienezko kopurua, 75 euro.
30.000 eta 32.000 euro bitarteko errenta dutenentzat: alokairuaren %20. Gehienezko kopurua, 100 euro.
28.000 eta 30.000 euro bitarteko errenta dutenentzat: alokairuaren %30. Gehienezko kopurua, 150 euro.
26.000 eta 28.000 euro bitarteko errenta dutenentzat: alokairuaren %40. Gehienezko kopurua, 200 euro.
26.000 euro edo gutxiagoko errenta dutenentzat: alokairuaren %50. Gehienezko kopurua, 250 euro.
Zifra horiei gehiagarriak txertatuko dizkiote, dagokien kasuetan. Horrenbestez,
etxebizitza Alde Zaharrean hartuz gero, 50 euroko gehigarria emango zaie herritarrei, eta
%65eko edo gehiagoko elbarritasun maila dutenei ere 50 euro gehiago eskainiko zaizkie. Bi gehigarriak bateragarriak dira, beraz, %65eko baino gehiagoko elbarritasuna duenak eta etxebizitza Alde Zaharrean hartzen duenak 100 euro gehiagoko diru-laguntza izango du.
Hamabi hilabetez jasoko dituzte laguntzak herritarrek.
Aipatutakoaz gain, honako baldintzak bete behar dituzte eskatzaileek:
- 18 eta 35 urte bitartean izatea.
- Beraien izenean etxebizitzarik ez edukitzea.
- Diru-laguntza jasoko duen etxebizitzan erroldatua egotea.
- Etxebizitza horretan biziko diren pertsonetatik bat, gutxienez, Azkoitian erroldatuta egotea. Gutxienez hiru urtez egon behar du herrian erroldatuta, etenik gabe, eskaera egiten den unean; edo beste uneren batean erroldatuta egon bada, gutxienez bost urtez egon izanaren froga eduki behar du.
- Etxebiden izena emanda egotea.
Bestalde, alokatuko diren etxebizitzak bizigarritasun baimena eta gutxieneko baldintzak bete beharko dituzte.
Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, "ahalik eta azkarren" nahi dituzte laguntza horiek martxan jarri. Dagoeneko esposizio publikoan dago ordenantza, eta helegiterik egoten ez bada, apirilerako izena emateko epea zabaldu nahi dute. Dena dela,
uztailaren 24rako argitaratuko dute ebazpena, hots, laguntzak eskatzen dituzten herritarrek data horretarako jakingo dute horien onuradunak diren edo ez. Urrategi Alberdi Azkoitiko alkateak nabamendu du "pauso garrantzitsua" eman duela udalak alokairuaren esparruan: "Laguntza hauek emateko 60.000 euro jarri ditu udalak, eta alokairu soziala bultzatzeko beste 70.000 euro".