Garate, ezkerretik bigarrena, atzo, bilkuran.
(Ane Olaizola)
Julen Garate Azkoitia Bai koalizioren bozeramaileak zinegotzi kargua utzi zuen atzo arratsaldean, udalbatzak egin zuen ez-ohiko bilkuran. Agintaldirik "gogorrena" eta "interesgarriena" izan dela adierazi zuen kargua uztean, eta hondakinen gaiak izan duen arretaz haratago, Azkoitiko Udalaren "minbizia" Azkoitia Lantzen dela azpimarratu zuen: "Ea honi konponbidea ematen diezuen", esan zien udalbatzako kideei.
Era berean, aurtengo udal aurrekontuek izan duten adostasuna goraipatu zuen: "2015eko aurrekontuak abstentzio bakarrarekin onartu genituen, eta jakin nahiko nuke beste zer herrietan izan den adostasun hau". Udaleko langileen lana ere eskertu zuen.
Urrategi Alberdi alkateak ere eskerrak emanez agurtu zuen Garate, "herriari eskainitako denborarengatik, ilusioarengatik eta lanarengatik". "Sentitzen dugu agintaldia ez amaitzea, baina errespetatzen dugu erabakia". Bere lanari dagokionez, "oposizio zirikatzailea eta eraikitzailea" egin zuela aipatu zuen alkateak.
Ia hamasei urte egin ditu Garatek Azkoitiko Udalean, eta hondakinen sistemari buruzko herri galdeketaren emaitzek bultzatu dute dimisioa aurkeztera, horretarako "ardura" duela iritzi ondoren. Maiatzean hamasei urte egingo zituen udalbatzako kide bezala. Batera Talde Independienteko sortzaileetako bat zen, eta hamabi urtez hango zinegotzia izan zen. Azken agintaldian, berriz, Ezker Batua-Berdeak, Aralar eta Gipuzkoako Berdeak taldeekin batera osatu dute koalizioa, eta Garate izan da hango zerrendaburua.