Azkoitiko 80 pilotarik hartuko dute parte Atano III.a txapelketan

Ane Olaizola 2015eko otsailaren 10a

Azkoitiko Oteiza Pilota Eskolak antolatuta, abian da Atano III.a pilota txapelketa. Berrogeita batgarren aldiz, herriko umeak eta gaztetxoak lehiatuko dira astero txapelketa ezagunean. Urtez urte izaten duten erantzunari eutsi, eta aurten ere aurreko urteetako parte-hartzaile kopuru antzekoa izango du txapelketak. Izan ere, 80 lagunek eman dute izena. Herenegun hasi zen txapelketa, eta ohi bezala, astean hiru egunetan jokatuko dituzte eskuz banakako partidak, Azkoitiko Gurea pilotalekuan: astearteetan (17:15), ostegunetan (17:15) eta igandeetan (10:30). Parte-hartzaile kopurua dela-eta, egun bakoitzean saio ugari jokatuko dituzte. «Astearte eta ostegunetan zortzina partida izango dira, eta igandeetan 12 partida». Zazpi eta hamalau urte bitarteko ume eta gaztetxoek hartuko dute parte; 12 neskek eta 68 mutilek. Beste urtetako funtzionamendu bera izango du probak, eta zazpi eta zortzi urteko pilotariek kanporaketa bidez jokatuko dute txapelketa. Gainontzekoak, berriz, ligaxka moduan arituko dira. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bi hilabete eta erdi inguru iraungo du txapelketak, baina oraindik ez dute zehaztu finala noiz izango den, jakin badakitelako hainbat saio atzeratu egin daitezkeela. «Txapelketa bukaerara gerturatu ahala, jarriko dugu eguna», esan du Jesus Andueza elkarteko kideak. Mariano Juaristi Atano III.a pilotari profesional ezagunaren omenez antolatzen du urtez urte  Oteiza Pilota Eskolak txapelketa, pilotaria omentzeko asmoz. Herriko ume eta gaztetxoek hartzen dute parte, eta partidaren helburua da pilota zaletasuna txikititatik barneratu dezatela. Azkoitian egiten duten probarik ezagunenetakoa da Atano III.arena, eta horren adierazgarri da parte hartzen dutenen kopurua. Hori hala izanik, Anduezak azpimarratu du jende ugari elkartzen dela partidetan. Atano III.a txapelketaz gain, Udaberri Saria ere ari dira jokatzen. Oteiza pilota elkartekoak ez ezik, Gipuzkoa osoko pilotariak ari dira lehian joan zen asteaz geroztik. Eskuz, kadete, jubenil eta seniorrak ari dira lehian, eta paletan gizonezkoak soilik ari dira parte hartzen. Hiru hilabetetako txapelketa izango da, eta ligaxka moduan jokatuko dute. Aste honetan, Azkoitian izango dira partidak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide