Fatiha Hajji Baba, margolan batzukin
(Ane Olaizola)
Margoaren bidez hitz egiten dut, eta ikusten dudan guztia modu honetara adierazten dut». Fatiha Hajji Babaren (Souk el Arbaa Du Charb, Maroko, 1962) hitzak dira. Azkoitian bizi da azken hamar urteetan, eta kolore biziz eta forma abstraktuz azaleratzen ditu barruko sentimenduak. Bide horretan, munduko gatazken inguruko margolanak egiten ditu. Euskal Herriko, Palestinako, Siriako gatazkei lotutakoak ditu, eta oraintsu Frantzian izandako atentatuen inguruko beste lan bat ere egin du, barruak hala eskatuta. Dituen lanekin, erakusketa bat zabaltzekoa da datozen hilabeteetan Azkoitian.
Nagusiki gatazken inguruko lanak egiten baditu ere, naturari dagozkionak ere lantzen ditu, guztiei «begirada pertsonala» emanez. Hajjik adierazi duenez, «bakerako mezua» zabaldu nahi du lanekin: «Gerra hasi baino lehen, zer gerta daitekeen pentsarazi nahi dut. Gerra oztopatzeko bidea zabaldu nahi dut».
Bizikidetza, erlijioaz gain
Beste gertaera askok bezala, aurreko hileko Frantziako Charlie Hebdo astekariaren aurkako atentatuek ere barruak astindu dizkio margolariari, eta bere azken lana izan da Ez hil. Ez izenekoa. «Ate bat ikusten da, baina ez da katolikoa, ezta musulmana ere. Jainkoaren atea da, guztientzako dago irekita. Kandelak, hildakoen omenez egin ditut», azaldu du. Goitik behera salatu ditu erasoak; «ezin dira justifikatu».
Dena den, konplexua eta ertz askokoa da gaia, eta adierazpen askatasunaren inguruan hitz egin du margolariak: «Langileei askatasuna kendu diete, eta ulertzen dut prentsa askatasuna dutela. Ez dut gustuko halako erasoak ikustea, baina karikaturak ikustea ere ez. Musulmanok ez dakigu nolakoa den Mahomaren aurpegia, horregatik ez dugu margotzen. Errespetu handia diogu profetari. Batzuentzat hori ez da garrantzitsua izango, baina musulmanak oso minduta daude». Bera ere musulmana da, eta bere erlijioa defendatu du: «Gure erlijioa bakearena da, ez hiltzaileena. Askok uste dute musulmanak gerrazaleak garela, baina ez dugu onartzen hiltzen duen jendea. Bakea eta lasaitasuna da bilatzen duguna». Era berean, bizikidetza erlijiotik haratago doala esan du. Atentatuen ondorioz, berriz, islamaren aurkako jarrera areagotu egin dela berretsi du, eta politikak «mendekuaren bidetik» ezarriko dituztela uste du. Zentzu horretan, konponbiderako «gidaririk ez» dagoela sumatzen du.
Frantzian ere bizitakoa da Hajji, eta hango errealitateaz mintzatzerakoan, gizarteak musulmanak baztertu egiten dituela adierazi du. «Ez da erraza Frantzian bizitzea. Legeak ez ditu erliijoak bereizten, baina gizartean arrazakeria handia dago». Ildo horretan, musulmanak ere «biktima» izan direla dio, «zapaldutako komunitatea» izan direlako.
Hajji bera ere, «musulmana izateagatik baztertu» izan dutela adierazi du: «Herrian inoiz ez naute gutxietsi, oso lasai bizi naiz hemen. Arlo profesionalean, ordea, askotan atzera egiten dute musulmanak kontratatzeko orduan. Gertatu zait, sukalde batean lanean hasterako oztopoak jartzea, aurretik izan zuten esperientziengatik. Baina nik ez dut besteena ordaindu beharrik».
Marokoko Souk el Arbaa Du Charb herrian jaioa, duela bi hamarkada baino gehiago utzi zuen bere herrialdea. «Nire familia oso irekia da. Libre bizi naiz hemen, familiak badaki nola nagoen». Bien bitartean, Maroko aldatzen joan dela antzeman du. «Umea nintzenean, egoera gogorragoa zen. Orain, gizartea irekitzen ari da pixkanaka». Nahi baino gutxiago margotzen duela aitortu du, baina zerbaitek «mintzen» duenero hartzen ditu pintzelak, hori baitu askatzeko bide.