Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkoitia Bai koalizioko bozeramaile Julen Garatek kargua utziko duela iragarri du, hondakinen gaian Azkoitian egin den herri galdeketako emaitzek hala bultzatuta. «Sistemarik onena mistoa zela uste genuen, eta herriak baiezkoa ematea nahi genuen. Herriak, neurri batean, sistema mistoari ezetz esaten bazion, ondorio batzuk eduki behar zituelakoan geunden, eta egokiena kargua uztea dela uste dut», adierazi dio HITZAri.
Agintaldia amaitzeko hiru hilabete falta dela utziko du kargua azkoitiarrak, baina horretarako ardura duela uste du. «Gure ardurak hartu behar ditugula uste dut. Ezin dugu ezer pasatuko ez balitz bezala egin». Azkoitia Bai-k bihar egingo du batzarra, 18:30ean, Elkargunean, eta han azalduko ditu dimisioaren nondik norakoak. Horrez gain, maiatzeko udal hauteskundeak eta San Jose Egoitzaren eta eguneko zentroaren egoera izango dituzte hizpide. Azkoitiko Udala ezohiko bilkura egitekoa da hurrengo astean, eta orduan uzteko asmoa du Garatek kargua.
Zinegotziaren arabera, bi arrazoik eraman dute dimisioa aurkeztera: galdeketaren emaitzak, eta orain hondakinen jarraipen batzordeak hasiko duen sistemaren «egokitzapen» prozesuak: «Mahaia osatu behar dugunon artean, ez dut uste akordioaren bidetik joango direnik atez atekoaren kontrako plataforma, EAJ eta PSE-EE, bosgarren edukiontziaren aldeko apustuaren alde baizik. Ulertzen dut mahai horretan, mesede baino, kalte gehiago egingo dudala». Hori hala, prozesuan jarraitzeko «pertsonarik egokiena ez» dela deritzo zinegotziak.
Maiatzean hamasei urte egingo zituen Garatek Azkoitiko udalbatzako kide bezala. Batera Talde Independienteko sortzaileetako bat da, eta hamabi urtetan hango zinegotzia izan zen. Azken agintaldian, berriz, Ezker Batua-Berdeak, Aralar eta Gipuzkoako Berdeak taldeekin batera osatu dute koalizioa, eta Garate izan da hango zerrendaburua. Honen ustez, hondakinena ez da agintaldiko gairik garrantzitsuena izan; bai, ordea, zeresanik handiena eman duena. Argitu du ez duela nahi «orain urtebeteko egoerara» itzultzea, hein batean, gai pertsonala ere bilakatu delako. «Asko sartu dira pertsonen kontra, eta horren adibide da Urrategi Alberdi alkatea eta ni plataformakoen bileratik bota gintuztenekoa».
Azkoitiko hondakinen prozesuaz irakurketa egiterakoan, hainbat taldek esandako «gezurrak» kritikatu, eta «hauteskundeei begirako» gaia bilakatu dela salatu du. «Alderdikerian erori da, eta horri lehentasuna ematen zaion bitartean, alferrik ari gara». Bereziki, Zero Zabor taldeak egindako lana goraipatu du: «Penarik gehiena haiengatik hartzen dut, beraiek izan direlako lanik handiena egin dutenak».
Gaiaren inguruan, «gauza positibo asko» egin direla ere esan du. «Inork ez du eztabaidatzen hondakinen %70 birziklatu behar denik, hori lortu da. Gainera, EAJk eta PSE-EEk agintzen duten herrietan oraindik ez da inon lortu birziklapen maila hori».