Azkoitiko San Martin auzoko etxebizitzen araudia eguneratzeko bidea hasi du udalak

Ane Olaizola 2015eko otsailaren 2a

Bi bilera egin dituzte udalak eta auzotarrek
(Azkoitiko Udala) Azkoitiko Udalak San Martin auzoan dauden etxebizitzen egoera erregulatu eta araudia berritu nahi du, eta horretarako lanketa bat hasi du hango bizilagunekin. Izan ere, San Martin auzoa 1920ko hamarkadan eraiki zen, garai hartako eraikuntza motarekin eta auzo mailako zerbitzu batzuekin. Udalak adierazi duenez, etxe jabeek ordutik handitu edo moldatu egin behar izan dituzte eraikinak, "euren beharrei erantzunez eta ezinbestean". Honen arabera, etxe jabeen %87ak handitu ditu etxeak, horietako gehienek beharrezko baimenik gabe edo emandako baimena bete gabe. Baimenik gabe handitzeak bizilagunei hainbat arazo sortu dizkietela esan du udalak: "Handitze lanak erregulatu gabe edukita, etxe jabeek ez dute euren jabetza erregistratzeko modurik, ondorioz, ezin dute etxebizitza osotasunean saldu, eta hipoteka egin nahi izanez gero, ezin dituzte agregakinak kontuan hartu". Era berean, etxea berritu nahi duenak ere arazoak izango dituela nabarmendu dute, ezin baitute legez egin, egungo araudiak ez duelako uzten. Gainera, istripu edo ezbeharren bat izanez gero, aseguru etxeek estaldurari buruzko arazoak jarri ditzakete. Hori hala izanik, etxebizitzen egoera erregulatuko du udalak, baina argitu du ez duela "inola ere" isunik jartzeko edo zerga gehiago kobratzeko asmorik. Izan ere, bere helburua da "auzoaren itxura mantentzea" eta "jabeen arteko eskubide berdintasuna bermatzea". "Finean, udalaren araudia eguneratu eta herritarren etorkizuneko beharrei erantzun nahi diogu". Horretarako bidea hasi dute dagoeneko. Lehenengo fasean dira, eta udalak eta auz0tarrek bi bilera egin dituzte. Azkenekoz joan zen asteazkenean elkartu ziren. Era berean, proiektuaren arduradunak etxebizitzen egoera zehatza ezagutzeko bisitak eta azterketak egiten ari dira etxez etxe. Auzoko etxebizitzen laurden bat bisitatu dituzte, eta bihar, beste bisita saio bat egingo dute. Izan ere, ahalik eta diagnostiko zuzenena egiteko ahalik eta etxe gehuen bisitatu nahi dituzte. Udalak berretsi du araudia berritzeak "onura garbiak" eragingo dizkiela auzotarrei. "Etxearen jabetza osotasunean erregistratu ahalko dute, batetik, handitze lanik egin ez baina egin nahi dituztenei horretatako aukera bermatuko die, eta ezbeharren bat geretatuz gero, aseguru etxeen berme osoa izango lukete". Hala, proiektuan parte hartzera gonbidatu dituzte sanmartindarrak, euren mesederako izango delakoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide