Joan zen igandeko herri galdeketa, Azkoitian
(Nerea Uranga)
Hondakinen bilketa sistemaren inguruko herri galdeketa eginda, "joko zikinak alde batera utzi, eta zintzo jokatzeko garaia" dela adierazi du EH Bildu. Galdeketaren emaitzak errespetatuko ditu koalizioak, eta sistema mistoaren aurkako botoek irabazita, "akordioak bilatzeko" unea dela berretsi du. Bide horretan, EAJri, PSEri eta Atez atekoaren aurkako plataformari jarraipen batzordera bertaratu daitezen eta "behingoz herriari zor dioten ardura politikoz" joka dezaten exijitu diote.
Bilduren arabera, "kanpaina bortitza" jasan dute: "EAJk, PSEk eta, Atez Atekoaren aurkako Plataformak era guztietako gezur, irain eta mezu negatibo erabili zituen ezezkoaren alde; kontraesanean ere ibili dira, hau da, birziklapenaren alde daudela esan, baina horretarako beharrezkoa den sistema adosteko prozesuan ez dute parte hartu (EAJk parte hartu bazuen ere, akordioa posible zen momentuan hanka egin zuen); azkenik, %80ko datuak eman dituen sistema mistoaren kontrako bozka eskatzeko". Horretarako, "errauskailua egiteko interesak" dituztela leporatu diete: "Guztiok dakigu birziklapen tasa altuak lortuz gero errauskailurik egin beharrik ez dela egongo. Eta hori ez zaie EAJ eta PSEri interesatzen, interes ekonomikoak baitituzte proiektu horretan".
Bilduk azpimarratu du udalak 2013an onartutako helburuak — hondakinak derrigorrez sailkatzea, bildutakoaren kalitatea bermatzea, errefusari ateak ixtea, lehen urtean %70eko sailkatze mailara iristea…— defendatzen dituztela. Koalizioarentzat, helburua ez da sistema, birziklapen tasetara iristea baizik, "eta sistema mistoa deritzonak jada emaitza horiek markatutako epeak baino lehenago lortu ditugu". Hori hala, honakoa esan du: "Ea behingoz arrazoiak irabazten duen, ingurumenak eta gure ingurukoek eskertuko dute eta".
Galdeketaren beraren balorazioa egiterakoan, Udal Gobernua zoriondu dute, "bere izaera demokratikoan urrats bat gehiago eman eta herritarron parte hartzean sakontzeagatik". Abstentzioa "oso altua" izan bazen ere, lehenengo aldiz egiten den galdeketa batean 3.307 lagunek botoa ematea ez dela "txorakeria" deritzote.