Protokoloa sinatu dute ikastetxeetako ordezkariek, udalak, ertzain etxeak eta osasun zentroak
(Ane Olaizola)
Azkoitiko Udalak, Ertzain Etxeak, Osasun zentroak eta herriko ikastetxeek — Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHI, Xabier Munibe ikastola HH-LH, Xabier Munibe ikastola DBH-BHI eta Floreaga ikastetxea— sinatu dute gaur protokoloa, Intsausti Jauregian. Erakundeen artean elkarlanean egin dute protokoloa, eta Azkoitian genero indarkeria eta sexu erasoen biktima diren emakumeei eman beharreko arreta zerbitzuen koordinaziorako balioko du.
Hain zuzen, indarkeria matxistari aurre egiteko herrian dauden zerbitzu eta baliabideak hobetu eta sendotu nahi dituzte protokoloarekin, eta haien laguntzan parte hartzen duten eragileen arteko koordinazioa erraztea du helburu. Berdintasunaren aldeko apostua eta guztion arteko konpromisoa da", berretsi du Urrategi Alberdi alkateak ekitaldian. Honen arabera, emakumeenganako indarkeria gizon eta emakumeen arteko desorekaren "adierazpen larriena" dela. "Indarkeria honen sorburua jendartean ematen den gizon eta emakumeen arteko botere harremana da", gaineratu dute. Indarkeria mota hori aurre egiteko, beraz, ezinbestekoa deritzo bi eremutan lan egitea: biktimei arreta emanda eta prebentzioan eta sentsibilizazioan lan eginda. Hala, herritarrei ahalik eta zerbitzu onena emateko asmoz egin dute protokoloa.
Prebentzioa landu beharreko arloetako bat izanik, hezkuntzaren esparruan duten zeregina azpimarratu dute. "Zer egina badaukagu ikastetxeetan, eta protokoloak asko lagunduko digu horri aurre egiten. Txiki-txikitatik adi egon beharra daukagu, ez delako bat-batean sortzen", esan du Xabier Munibe ikastola HH-LHko zuzendari Arantxa Zubizarretak. Bide beretik hitz egin dute gainontzeko ikastetxeetako ordezkariek ere; "giza eskubideen bermea sustatuz, desberdintasun guztiak ezabatu egin behar ditugu. Hezkuntzak izan behar du honen bultzatzaile bat, eta eredugarria ere izan behar du", esan du Alberto Izagirre Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHIko zuzendariak.
Biktimei arreta emateko, gizarte zerbitzuek, Udaltzaingoak, Ertzaintzak, Osasun etxeak eta ikastetxeek jarraitu beharreko prozedurak zehazten ditu protokoloak, eta erakundeen arteko koordinaziorako egitura ere finkatu dute. Hala, batzorde tekniko bat osatuko dute ordezkariek. Batzordeak, besteak beste, arreta eman zaien emakumeen kasuen ezaugarriak identifikatu ditu, udal politika desberdinek non eragin behar duten jakiteko eta hauek diseinat eta martxan jartzeko. Era berean, protokoloari jarraipena emateko koordinaziorako hobekuntzak zehaztuko dituzte.
Luis Angel Claveras Urola Kostako ertzain etxeko burua jakitun da emakumeenganako indarkeria "aurre hartu behar zaion arazo zehatza" dela. Hala, protokoloa lagungarria izatea espero du abiapuntu bezala. Ziortza Etxeberria Azkoitiko osasun zentroko ordezkariaren iritziz, berriz, protokoloarekin, erasotua izan den emakumeari errazagoa izango zaio "pausoak ematerako orduan".
Abenduan onartu zuen udalak protokoloa, aho batez. Eragileak duela hiru urte hasi ziren lantzen, eta lehendabiziko lana izan zuten biktimen arretarako eskaintzen diren zerbitzuen diagnostikoa egin eta hutsuneak identifikatzea. Ondoren hasi ziren protokoloa diseinatzen, eta horretarako eragile desberdinekin eztabaidatu dute.