Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hondakinen sistemari buruzko herri galdeketaren balorazioa egin du Azkoitiko Zero Zabor taldeak. Bere atsekabea azaldu du emaitzekiko, eta honako irakurketa egin du:"Parte hartze eskasarekin galdeketan ezezkoa atera bada ere, herritarrak sistemarekin bat egin dutela egunerokoan ikusten da; hori, bereizte tasa zenbakietan islatzen da, martxan jarri eta lehen hilabeteen buruan %80ko bereizte tasa lortu genuenetik".
Dena den, galdeketako emaitza "kontutan hartu beharra" dagoela eta, sistema mistoaren aurka agertu direnen partetik "jarrera eraikitzailea" espero dutela azpimarratu du taldeak: "Jarrera eraikitzaileak adostutako helburuetan (2013ko uztailean hondakinen lan taldeak adostu eta plenoak onartu zituenak) oinarritutako sistema izan behar du. Esaterako, gutxienez %70eko bereizte tasak eman behar ditu sistemak epe motzean, errefusari ateak itxi behar dizkio eta ezaugarri teknikoetan oinarritutako sistema izango da", gaineratu dute.
Interes politikoek hondakinen gaia "katramilatu" dutela eta, "nazkatuta eta nekatuta" daudela adierazi dute, "eta agian etxean geratu diren %65a ere bai". Gaiaren inguruan egon den "manipulazioa" salatu dute, eta "azkoitiarrekiko errespetua" eskatu dute."Plataformak behin eta berriz informazioa manipulatu du herritarrak martxan dagoen sistemaren aurka jartzeko asmoz. Herritar askori iritsitako informazioaren arabera, galdeketan baiezkoa ateraz gero, hondakinen frakzio guztiak atez ate bilduko direla esanaz, eta ezetza ateraz gero lehen genuen hondakinen bilketa sistemara itzuliko omen garela. Eta horrelakorik ez da inoiz esan; martxan dagoen sistema mistoak onartutako helburuak betetzen baititu".
"Inposaketa" delakoaz ere hitz egin dute: "5. edukiontziak bederatzi urtetan emaitzak ez eman ondoren 13 hilabeteetan parte hartze prozesu bidez erabakitako sistema da martxan dugun sistema mistoa. Zergatik orain arte emaitzik eman ez duen 5. edukiontzi sistemak orain bapatean emaitzak eman behar dituela diote?".
Era berean, Atez atekoaren plataformaren eta EAJren "kontraesanak" eta "joko politikoa" kritikatu dituzte. Besteak beste, hasiera batean EAJk Legazpiko sistema mistoa proposatu izana, bildutako sinadurak hasieran "atez atekoaren aurkakoak" izatea eta gero "sistema mistoaren aurkakoak" zirela esatea eta "arratoiz betetako argazki muntaiak aipatu dituzte. "Herritarrak ondo egiteko eta %70eko bereizte tasa izateko errefusa frakzioa egunero atera behar dutela esan dute. Etxean hondakinak bereizten dituenak badaki, inolaz ere, ez dagoela errefusa frakzioa egunero atera beharrik. (Pixoihalen edukiontzia garbitasunagatik erabil daiteke egunero", gaineratu dute.