Udalak kontuan izango ditu «datu guztiak». Aldaketak adosteko, ezezkoaren aldekoek «ezinbestekoa» izango dute Hondakinen Mahaian parte hartzea
Hondakinen sistemari buruzko herri galdeketaren bidez, sistema mistoaren inguruan zer iritzi duten adierazi dute herritarrek, eta bozkatu dutenen gehienek, %53,6ak, sistema desegokitzat jo dute. Dena den, abstentzioa izan da nagusi kontsultan. Izan ere, 9.258 herritarrek zuten botoa emateko aukera, eta haietatik 3.307 herritar, %35,7, joan ziren hauteslekuetara igandean. Haietatik 1.523 lagunek bozkatu zuten baietzaren alde. Emaitzak eskuartean, «herritarren hitza» kontuan hartu eta sistema aldatzeko eskatu diote udal gobernuari ezezkoaren aldekoek. Udalak esan du emaitzak errespetatuko dituela. «Datu guztiak» kontuan hartu, eta iaz udalak zehaztutako helburuak errespetatuz, egin beharreko aldaketak «guztien artean» adostu nahi dituzte.Igande goizean zabaldu zituzten mahaiak Aizkibel liburutegian, Gaztanenea eraikinean, Torre Zurin eta Xabier Munibe Ikastolan, eta 20:00ak bitartean bozkatu ahal izan zuten herritarrek. Normaltasunez joan zen eguna, eta ohi baino mahai gutxiago zeudenez, ilara luzeak sortu ziren zenbait unetan, batez ere eguerdi partean.
Honako galderari erantzun zioten herritarrek: Egokia ikusten al duzu hondakinak biltzeko udalak martxan jarri duen sistema mistoa? Azkoitiko Udalak prestatu zuen galdera, aurrez Hondakinen Mahaian adostuta, eta herritarrek Bai edo Ez erantzun behar izan zuten.
Eta orain, zer?
Herri galdeketa eginda eta herritarren iritzia jakinda, hondakinak biltzeko sistemarekin zer gertatuko den ez dago argi. Udal gobernuak bere balorazioa egin du, eta onartu du emaitzek ez dituztela ezustean harrapatu, eta abstentzioa «esanguratsua eta adierazgarria» izan dela adierazi du. Datu guztiak Hondakinen Mahaiko jarraipen batzordera eramango dituzte datozen asteetan, beste taldeen proposamenak jasoko dituzte, eta han zehaztuko dituzte egin beharreko aldaketak eta horretarako epeak. Aldaketak egiteko, ordea, iazko uztaileko osoko bilkuran udalak onartutako helburuak errespetatuko dituzte. Izan ere, sistema bera baino, garrantzitsuena helburuak lortzea dela azpimarratu dute: «Sistema mistoa bi urte luzetako partaidetza prozesu baten emaitza da. Emaitzek ere erakutsi dute udalak markatutako helburuak lortzeko egokia dela: %80ko birziklatze tasara iritsi gara eta herritarrak ondo ari dira egiten. Udalak argi dauka sistema bera ez dela helburua, argi daukagu garrantzitsuena helburuak lortzea dela, Azkoitian %70etik gorako gaikako bilketa tasa izatea, eta hori lortzen duen sistema oro izango da egokia».
Ordea, hori nola egin «guztien artean adostea» izango du erronka udalak, baina horretarako «ezinbestekotzat» jo dute ezezkoaren aldekoek Hondakinen Mahaiaren jarraipen batzordean parte hartzea, eta EAJ, PSE-EE eta atez atekoaren aurkako plataformari eskatu diote taldean parte hartu eta proposamenak egin ditzaten. Era berean, bide beretik jo du Azkoitia Bai koalizioak ere: «Itsu-itsuan sinesten genuen gaur egungo sistema zela egokiena, baina herri galdeketaren emaitzak ikusirik, argi dago itsututa geundela. Egin beharko den aldaketak lehendik zegoenak baino adostasun zabalagoa lortu beharko du».
Sistema aldatzeko eskaera
Sistema mistoaren aurka agertu dira atez atekoaren aurkako plataforma, EAJ eta PSE-EE, eta emaitzen balorazio positiboa egin dute horiek. EAJk honako iritzia eman du: «Ez dago alde handirik baiezkoaren eta ezezkoaren artean, baina gehiengoak esan du sistema mistoarekin ez dagoela ados. Eta bai esan zion txipdun bosgarren edukiontziari, 3.517 sinadurarekin, galdeketan parte hartu dutenek baino gehiagok. Ondorioz, Azkoitiak argi eta garbi erakutsi du, bi alditan, txipdun bosgarren edukiontzia nahi duela». Honen aurrean, «herriari entzun» eta txipdun bosgarren edukiontzia jarri dezan eskatu dio udalari. Antzeko bidetik jo du PSE-EEk ere, eta Bilduri eskatu dio herritarrak errespetatu eta entzun ditzan. Hala, edukiontzien sistemara itzuli, eta emaitzarik ematen ez badu, sistema aldatu dezan eskatu du: «Azkoitia ingurumen kontzientzia erakustaldi nahikoa ematen ari da, eta edukiontziekin tasak hazi daitezkela frogatzeko aukera bat merezi dute herritarrek». Atez atekoaren aurkako plataforma ere «oso gustura» da emaitzekin, eta aldaketen zain dira. «Ikusi beharko da zer aldaketa egiten diren orain, baina eskatzen duguna da errefusa egunero utzi ahal izatea, bestela jendeak ez duelako ondo egiten. Parte hartze gehiago espero genuen. Hala ere, askok esaten dute bildutako sinadurek ez zutela ezertarako balio izan, eta orain beraien jokoan sartzeak ez zuela zentzurik. Lehen jasotako 3.547 sinaduratik orain 1.774 boto jasotzearen arrazoia ere hori izan da. Galdeketa sistema jarri baino lehen egin behar zuten, ez orain, jendea ohitu egin denean».
Azkoitian egin den lehenengo herri galdeketa izan da, eta udalak esan du «herritarren partaidetzan eta erabakitze ahalmenean beste pauso handi bat» eman dutela. Zorionak eman dizkiete herritarrei, «bide horretan gurekin bat egin dutelako».