Izarraitzen bederatzi ahuntz hil zituzten Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainek auziperatu moduan deklaratu beharko dute Azpeitiko Epaitegian zabaldu dituzten aurre diligentzietan, Enba Euskal Nekazarien Batasunak jakinarazi duenez. Abuztuaren 26an Kakute mendian izandako gertaeraren harira deklaratu beharko dute bi basozainek.
Artzain eta lekukoek, beraien aldetik, kaltetu moduan deklaratu zuten urtarrilaren 16an. Enba-ren arabera, aldundiaren abokatuak ere saiora deituta zeuden, baina ez ziren azaldu. Aldundiaren jarrera salatu du nekazal sindikatuak, "agintzailea" delakoan. Sindikatua bera ere saioan izan zen, artzainei babesa ematen.
Prozesua hasi bestetik ez da egin, baina sindikatua itxaropentsu da: "Aldundiak ez du ekitaldi administratiboaren berri eman. Salaketa egin eta hilabetetara egindako txosten teknikoa helarazi du soilik. Batida legez kanpo eta ezkutuan egin zela berresten du honen jarrerak", diote.
Abuztuaren 26an izan diren batidak, Izarraitzen, eta gertaeraren bertsio kontrajarriak azaldu izan dituzte sindikatuek eta animalien jabeek eta aldundiak. Aldundiaren arabera, hildako ahuntzak krotalik–belarriko identifikazioa– ez zuten, eta uxaldia «azken aukera» eta "kontrolatua" izan zen. Aldundiak orduan esan zuenez, ganadua kontrolik gabe zegoen. Animaleen jabeek, ordea, kontrakoa diote: animaliak «kontrolpean» eta "identifikatuta" zituztela eta bere jabearen lurretan zeudela esan zuten.