Eguerdirako erroldaren ehuneko bederatziak bozkatu du Azkoitiko herri galdeketan

Nerea Uranga 2015eko urtarrilaren 25a

Hondakin bilketari buruzko herri galdeketa egiten ari dira gaur Azkoitian. 12:30ak eta 13:00ak artean ilada luzeak sortu dira herrian botoa emateko jarri dituzten lau mahaietan: Aizkibel liburutegian, Gaztanenea eraikinean, Torre Zurin eta Xabier Munibe Ikastolan. Azkoitiko Udalak emandako datuen arabera, eguerdiko hamabietarako 864 herritarrek zuten botoa emanda: erroldaren %9,3ak (9.258 herritarrek dute aukera botoa emateko). Goizeko bederatzietan zabaldu dituzte hauteslekuak eta 20:00ak arte egongo dira zabalik. Azken urteetan herrian zeresanik handiena eman duen gaiaz ari dira azkoitiarrak bozkatzen: Egokia ikusten al duzu hondakinak biltzeko udalak martxan jarri duen sistema mistoa? Hori da Azkoitiko Udalak, Hondakinen Mahaian adostuta, prestatu duen galdera. Herritarrek Bai edo Ez erantzun beharko dute. Urte erdia da Azkoitian hondakinak biltzeko sistema mistoa ezarri zutela. Azkoitian egingo den lehen herri galdeketa izanik, kontsulta loteslea izateko ez dute gutxiengo baldintzarik jarri. Udalak esan du herritarren iritzia jakin nahi duela, eta bere egingo dituela emaitzak. Gero, Hondakinen Mahaian aztertuko dituzte, «hartu beharreko erabakiak» hartu ditzaten. Era berean, udalak behin baino gehiagotan esan du prozesuak «seriotasun, gardentasun eta legezko berme guztiak» izango dituela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide