Bidezko merkataritzaren denda zabaldu dute Azkoitian

Ane Olaizola 2014ko abenduaren 1a

Azkoitiko Misio Pastoraltzak bidezko merkataritzaren denda zabaldu du beste urte batez, Azkoitiko Torre Zuri erakustokian. Herrialde pobreen garapenean laguntzeko, han ekoiztutako produktu ugari salduko dituzte, bitartekaririk gabe. Besteak beste, elikagaiak eta apaingarriak dituzte salgai. Gaur zabaldu dute saltokia, eta hilaren 13ra bitartean egongo da zabalik. Astegunetan, 10:30etik 12:30era eta 17:30etik 19:30era egongo da zabalik, eta abenduaren 6an eta 13an, larunbatetan, goizez bakarrik zabalduko dute. Igandeetan itxita egongo da. Jasotako irabaziak ekoizleei bideratuko dizkiete, baina produktuak saltzetik haratago, antolatzaileek adierazi dute egitasmoa «erronka handia» dela: «Merkataritza bidezkoa bada, ekoizpena ere halaxe izango da. Lan harremanak etikan eta gizatasunean oinarrituta egotea eta modu ekologikoan ekoiztea da oinarrizkoa; hau da, ekoizpen kate osoan parte hartzen duten guztiak errespetatzea eta natura aintzat hartzea du oinarrian bidezko merkataritzak». Egitasmoan parte hartu nahi dutenek produktuak eros ditzakete, edo diru laguntza bat eman. La Caixan kontu korrontea dute horretarako, nahi duenak bere ekarpena egin dezan. Hau da zenbakia: 2100.6506.29.2100030794. Antolatzaileek azpimarratu dute laguntza «garrantzitsua» dela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide