Tomas Zubizarreta 'Zendoia' omendu dute Azkoitian

Nerea Uranga 2014ko azaroaren 30a

Trikitiaren munduak eta Azkoitiko herriak Tomas Zubizarreta Zendoia soinujolea omendu dute gaur Azkoitian. Era berean, Zendoia, pozaren mezularia liburua eta diskoa (32 piezarekin) aurkeztu dituzte. 84 urte bete dituen egunean egin diote omenaldia Martirieta auzoko trikitilariari, adineko trikitilariak eta gazteak bilduz. Aire berezia eta errepertorio ikaragarrikoa Euskal Herriko Trikitixa Elkartekoek esan dutenez, "ilusio berezia egiten zigun Zendoiari buruzko liburu-diskoaren aurkezpena Azkoitian, eta San Andres Egunean egiteak". Laxaro Azkunek idatzi du Zendoiari buruzko biografia liburua, eta Soinuaren Liburutegiko 10. zenbakia da. Soinuaren Liburutegia bildumaren helburua, trikitixak berarekin dakarren ondarea jasotzea eta transmititzea da. 2001ean sortu zuten eta ordutik atera dituzten liburuak honakoei buruzkoak dira: Elgeta, Gelatxo, Rufino Arriola, Sakabi, Epelde, Zumarragako trikitixa, Urrestillako Trikitixa, Landakanda eta Maltzeta. Liburuetako artistak aukeratzeko orduan Trikitixa Elkarteak irizpide bat hartzen du kontutan: "Nolabait trikitixa munduan arrastoa utzi izan duten trikitilariak edo pandero jotzaileak hartzen dira kontutan, edota modu batera edo bestera trikitixari ekarpenak egin dizkiotenak". Zendoia aukeratzeko arrazoiak ere aipatu dituzte: "Aire berezia du, eta errepertorioa ere ikaragarria eta zabala du. Lan asko egin du garaian garaiko piezak bere galbahetik pasatu eta trikitira moldatzen. Horrez gain, tranmisio lan handia egin du garai bateko piezak gaur egunera ekartzen. Gainera, esaten da buru oso ona duela eta behin ikasi eta ez dituela ahazten". Bere kasa ikasi zuen trikitia jotzen azkoitiarrak, baina gero irakasten ere jardundakoa da. "Jendea pozten gozatzen duen gizona da", nabarmendu dute, eta horri lotuta Zendoiari buruzko biografia liburuaren izenburua ere: Zendoia, pozaren mezularia. "Saiatua, nekaezina, fina, hestua eta soinujole handia" Liburua egiteko laguntza eman dietenak eskertuz hasi du liburu aurkezpena Laxaro Azkunek: "Eregiko Iñaki Martinez ilustrazioak eta egin dituelako eta liburuaren orrazketan parte hartu duten Txantxo Zubeldia, Eneritz Gorrotxategi eta Maider Jauregi. Liburuan hoien izena ez dut aipatu, eta hor behar zuten". "Zergatik pozaren mezularia? Baten batek baino gehiagok aipatu izan dit Zendoiak bere soinujole bizitzan egin duen ahalegin nagusiena jendea pozik uzten izan dela, eta jendea pozik ikusita pozten zela bera, eta horretan onenaren pare egin duela", esan du Azkunek biografiaren izenburuaren nondik norakoaz. "Saiatua, nekaezina, fina, hestua —hestuegia maiz—, eta soinujole handia", hitz hoiek entzun ditu Azkunek Zendoiari buruzko informazioa biltzeko orduan: "Niretzat ederra izan da jendea poztea hain serio hartu duen gizonaren hitzak edo arrastoak biltzea. Ikusi dut, Zendoiak bere gizatasunaren arrastoak utzi dituela bera ibili den toki gehienetan. Euskal Herrian zehar asko ibili da, eta ni inguruan izan dituenekin horiexek biltzen saiatu naiz". Trikitilari eta panderojole askorekin egon da Azkune, baina bereziki "Zendoiarentzako toki maitagarriak" izan direnak aipatu ditu: Urki eta Goimendi, eta justu Saletxe Berri eta Bergaretxe baserriak. "Oso harreman hestua izan dute urte askotan, eta gainera hainbeste urtetan ibili ondoren zilarrezko ezteiak edo nolabaiteko omenaldi bat ere egin zioten, bakoitzean bana. Bi etxe horietan nonbait alde bietako zaletasunak topo egin zuten, eta halakoxe harreman goxo eta luzea izan dute, eta oraindik jarraitzen dute". Martirietako bailaran festazaleak Azkune gustura ibili da Zendoiaren istorioak biltzen: "Asko ezagunak nituenak, eta beste batzuk biltzen ari nintzela jakin ditudanak lehendanbizikoz. Pasarte alaiak, barregarriak izan dira, baina badira ibilbide horretan gertatutako une gogor samarrak ere, eliza tarteko. Harrigarria dirudi gaur eguneko begietatik poza besterik zabaldu ez duen gizonaren bizitzan dantza lotuak halako buruhausteak sortzea. Martirietan inon baino gogorragoa izan zen hori, eta inon baino beranduago egin ziren dantza lotuak". Zendoiaren familiari tiraka, Tomas Zubizarreta Zendoiaren aitak eta Manuel Sakristauak behin baino gehiagotan aipatu izan diote Azkuneri Akitar familia zabala. Horrekin topo egin eta arrastoak batean eta bestean topatzen hasi eta ia familia guztiaren nondik norakoa aurkitu du Azkunek, eta hori nolabait azaltzeko Iñaki Martinezek egindako ilustrazio bat gehitu du liburuan: "Hor ikusi daiteke familia zabal horretan adar guztietatik sortu direla soinujoleak, panderojoleak zein bertsolariak. Hori adierazteko modukoa dela iruditu zait". Martirieta bailaran kokatua dago liburua, eta bailara horretan erromerian urte askoan Tomas Zubizarreta Zendoia "erreferente nagusi" izan da Azkuneren esanetan. "Martirietako bailararen berezitasunak aipatzen hasita musika zaletasuna, garai batean dultzaina eta danborra izango ziren, gero soinua eta panderoa nagusitu diren bezala, eta bertsoetarako zaletasuna eta trebetasuna izan zen eta bada oraindik ere". Nolabait hori ere azaltzen saiatu da Azkune liburuan: "Martirietako bailaran festazale porrokatuak dira, eta su horri egur asko bota dio Zendoiak berak, apaizak beti lagun izan ez baditu ere".    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide