Expochess, xakearen festa Azkoitian

Nerea Uranga 2014ko azaroaren 29a

Ostegunetik Expochess Xakearen Nazioarteko Topaketak egiten ari dira, Azkoitian Xakeko Euskal Herriko Selekzioa omendu eta aldarrikatzeko. Euskal Herriko Selekzioaz gainera Eskoziako Selekzioa ari dira parte hartzen, besteak beste. Gaur goizean jokatu dituzte aurreneko partidak, eta arratsaldean izango dute bigarren jardunaldia. Goizean, xakeko topaketetan Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendaria den Jon Redondoren bisita izan dute Azkoitiko Elkargunean. Eguerdian, berriz, Urrategi Alberdi Azkoitiko alkateak eta Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak hartu dute parte ekitaldian. Azkoitiko alkateak xake topaketak aurrera eramaten lagundu duten norbanako, erakunde eta herriko eragileak eskertu ditu. Garitanok topaketetara gonbidatu izana eskertu du, eta Euskal Herriak ere bere selekzio propioa izatea aldarrikatu du: "Eskoziakoek lortu dute selekzio bezala nazioartean lehiatzea, eta horixe da guk ere aldarrikatzen duguna, guk ere eskubide bera baitugu. Euskaldunok ere gure selekzioa behar dugu, afizioa badugulako eta baita nazioartean aritzeko maila ere. Inolako konplexurik gabe, guk gure izaerarekin munduan zehar beste herri libre batzuekin lehiatu nahi dugu, euskaldunok ere lehen mailan egoteko gaitasuna eta gogoa ditugulako". Bihar xakearekin lotutako hainbat hitzaldi izango dira Azkoitiko Elkargunean. Bertan hizlari ariko dira: Jordi Prio Burgues, Joaquin Fernandez Amigo, Leontxo Garcia Olasagasti eta Nicola Lococo.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide