(Nerea Uranga/Hitza)
Jose Manuel Sierra (Azkoitia, 1959) Euskadiko Xake Federazioko komunikazio arduraduna da. Maiatzetik buru-belarri Expochess Nazioarteko Xakeko Topaketak antolatzeko lanean ari da. Egunez egun parte hartzea gehitzen joan den proiektu bat izan dela dio, eta baldintza ekonomikoen araberako topaketa antolatu dutela gaineratu du: «Gure asmoa gehiago egitea zen, baina horrek kostu ekonomiko handiagoa eskatzen zuen».
Expochess Nazioarteko Xakeko Topaketak Azkoitian egingo dira. Nolatan Azkoitian?
Orain dela 30 urte, gaur egungo helburu berarekin Azkoitian nazioarteko xake topaketa bat antolatu genuen. Orduan, Italiako selekzioa etorri zen. Orain, Euskal Herriko xake selekzioak aurrenekoz jokatu zuenekoa gogoratu nahi genuen. Errazena hiriburu batean antolatzea zen, hiriburuetan horrelakoak antolatzeko eskaera handiagoa delako. Baina, gukAzkoitiak merezi duela pentsatu dugu, bai herriak xake munduagatik egin duenagatik, bai 1984ko hartan herritar batzuengandik jaso genuen laguntzagatik. Beraz, topaketak ordainsari bat dira Azkoitiak xakeagatik egin duenarengatik.
Esfortzu bat da, hortaz.
Neu ere azkoitiarra naiz, eta nire herria gustukoa dut. Baina hiriburu handietan gauzak egitea errazagoa da, ekonomikoki erraztasun gehiago daudelako. Hala ere, Azkoitiak eta azkoitiarrek maila honetako jarduera bat merezi dute. Datorren urtean ezingo dugu errepikatu, baina orain egin ahal izateko ahalegin guztiak egin ditut. Nire enpresa ere Azkoitian dago, eta antolaketaz ere arduratzen ari da. Izan ere, horrelako jardunaldi bat antolatzeak kostu bat du, eta Euskadiko Xake Federazioak ez du horrenbeste baliabide.
Orain dela 30 urteko topaketak antolatzen ere aritu zinen, eta baita bertan parte hartu ere. Nola gogoratzen dituzu?
Euskal Selekzio bezala jokatzen zen aurreneko aldia izan zen. Orduan parte hartu zutenetako batzuk ere ariko dira orain: Felix Izeta zestoarra, Mario Gomez eta Juan Ignacio Arbulu. Gainera, orduan lehian parte hartu zuen Leontxo Garciak orain hitzaldia emango du. Orduko hura ondo gogoan dugu, eta horregatik antolatu dugu oraingo hau.
Orduan Italiako selekzioa etorri zen, eta orain Eskoziakoa dator. Zergatik Eskozia?
Topaketaren helburua kontuan hartuta, Eskozia ekartzeko momentua zen eta baita haiek kontuan hartzekoa ere. Baina, egia esanda, hasieran Italia ekartzeko ahalegina egin genuen, duela 30 urte ere haiek etorri zirelako. Maiatzaren aurretik jarri ginen harremanetan, baina ez zuten erantzuten. Azkenean, esan ziguten data hauetan txapelketa ofizialeko lehiaketa bat zutela eta ezin zutela etorri. Eskoziako selekzioa ekartzea erakargarria egiten zitzaigun, eta haiei deitu orduko baiezkoa eman ziguten. Euskal Herria entzun orduko prest azaldu ziren parte hartzeko.
Expochess topaketaren helburuak zeintzuk dira?
Xakeko Euskal Selekzioa omendu, bere aldarrikapena egin eta ofizialtasuna eskatzea da helburu nagusia. Horrez gain, beste helburuetako bat da xakea sustatzea jendearen artean aisialdiko kirol osasuntsu bezala. Eta,hirugarren helburu bat ere badu: Azkoitiaren irudia, kultur eta turismo ikuspuntutik, nazioartean ezagutzera ematea. Guk aurrera eraman nahi genuen proiektua berez dimentsio handiagokoa zen, baina ekonomikoki ahalegin handiagoa eskatzen zuen, eta ezinezkoa izan da.
Gaur egun xakeko Euskal Selekzioaren egoera zein da?
Gaur egun xakean dugun estruktura honakoa da: lurraldeko federazioak ditugu batetik, eta bestetik, Euskadiko Federazioa. Euskadikoa, Euskal Selekzioaren jardunaldiak eta Euskadiko bakarkako eta taldekako txapelketak antolatzeaz arduratzen da. Txapelketa horietan beste lurralde batzuetakoek ere parte hartu dezakete eta gonbidatu ere egiten dira, hala nola Nafarroakoak. Monitoreen prestaketa teknikoaz eta xakea sustatzeaz ere arduratzen da Euskadiko Federazioa. Miguel Angel Muela Perez balio handiko presidentea dugu, eta honek xakea sustatzeko ahalegin handia egiten du; xakerako bizi da. Euskadikoak baliabide gutxirekin asko egiten du gaur egun, eta horregatik, beste batzuentzako eredu bat da.
Gaur egun xakea egoera onean dagoela uste al duzu?
Xakea egoera onean dago, baina hobeto egon daiteke. Xakean jokatzea eta lagunartean egotea gustatzen zaienen kirol jarduera bat da, eta gaur egun xake jokalari gehienek asmo horiekin jarduten dute. Nazioarteko Xake Federazioaren leloa hau da: Familia bat gara. Izpiritua horrek izan behar du. Ordenagailu batekin xakean jokatzea ez da lagun batekin aritzea bezala: lagun baten aurpegia ikustea, estresa, bizitzen diren sentsazioak, besteak zuri irabaztea edo zeuk irabaztea... Oraintxe bukatu da Munduko Txapelketa. Hauetako partida batean Anand aurretik zihoan, baina nerbioengatik galdu egin zuen. Giza faktorea dago tartean. Aldiz, ordenagailuz jokatuta, ez. Gainera, xakea buruaren osasunerako oso lagungarria da.
Eskola kirolean ez da xakea praktikatzen.
Europako Parlamentuak babestuta, lege batek egin zuen aurrera eskoletan xakea sartzeko, eta horretarako konpromisoa hartu zen. Besteak beste, horixe izango da topaketetako hitzaldietan jorratuko dugun gaietako bat. Eskoletan xakea sartzeko borondate hori hor dago, baina eskolakoek xakea sartuz gero, ikastorduetatik zer kendu ez dakitela esaten dute.
Zuretzat zer egin behar da?
Europa Ekialdeko herrialdeetan xakeari eskoletan ematen dioten garrantzia eman behar litzaioke. Xakearen bidez ematen den heziketa etorkizunerako oso baliogarria izango da, hori seguru. Xakean jokatzean erabaki batzuk hartu behar dira, eta denbora baten barruan hartu behar dira; gero, hartutako erabakiek ondorio bat dute, eta gaizki hartutakoak badira, horiek zuzentzen saiatu behar da, partida ez galtzeko. Bizitza ere horrelakoxea da: bizitzan erabaki batzuk hartzen dira, eta horiek ondorio batzuk izaten dituzte.