1984an Azkoitian jokatu zen Xake Topaketa, Euskal Herriko Selekzioaren eta Italiakoaren artean ( Jose Manuel Torres)
Xakea ardatz hartuta artea, kirola, historia eta hezkuntza bilduko ditu
Expochess Nazioarteko Xake Topaketak gaurtik igandera bitartean Azkoitian. Orain dela 30 urte egin zuten aurrenekoz xakeko topaketa, orduan ere Azkoitian. Hain zuzen, orduan estreinatu zen Euskal Herriko xakeko selekzioa. Orain 30 urte Italiako xakeko selekzioa izan zen gonbidatua, eta haien aurka aritu ziren euskaldunak. Oraingo honetan, Eskoziako selekzioko xakelariak izango dituzte aurkari.
Topaketaren helburu nagusia da Euskal Herriko Selekzioaren aldarrikapena. Horrez gain, Azkoitia ezagutzera ematea ere nahi dute, Azkoitiaren erakusleiho izanez. «Azkoitia herri dinamiko eta erakargarri bat dela erakutsi nahi dugu topaketa hau hemen bertan antolatuta. Herri interesgarria da, eta bertan hainbat toki eta leku erakargarri daude, eta hori dena sustatzen ere ahaleginduko gara topaketaren bitartez».
Euskal Herriko Selekzioko bederatzi xakelarik jokatuko dute, eta Eskoziatik sei xakelari etorriko dira topaketetara. Euskal Herrikoan eskualdeko jokalari bat ariko da: Felix Izeta zestoarra. Izetak orain dela 30 urteko topaketetan ere parte hartu zuen Azkoitian.
Xakelariek ez dute ezer kobratuko, «boluntarioki eta Euskal Herriko Selekzioaren alde egiteagatik jokatuko dute», nabarmendu du Jose Manuel Sierra antolatzaileak.
Eskoziarrak gaur iritsiko dira Azkoitiara, eta 19:30ean egingo diete harrera. Era berean, Elkarguneko areto nagusian xakeari lotutako arte, argazki eta zigilu erakusketa zabalduko dute. «Artistek gogoz erantzun diote parte hartzeko gonbidapenari, eta ikusgarria eta erakargarria izango da erakusketa», esan du Sierrak.
Larunbatean bi xake selekzioen arteko txapelketa jokatuko dute goizez eta arratsaldez eta, igandean, berriz, xakeari buruzko hitzaldiak eta mahai inguru bat antolatu dituzte Elkargunean. Xakea, hezkuntza eta osasuna izango dira hitzaldietako gai nagusiak.
EGITARAUA
Azaroak 27, osteguna
- 19:30. Eskoziako xakeko selekzioari harrera egingo diote hainbat erakundetako ordezkariek Elkarguneko aretoan.
- Segidan. Expochess Nazioarteko Xake Topaketetako pintura, xilografia, filatelia eta argazki erakusketa zabalduko dute, gai modura xakea hartuta. Elke Rehder eta Uwe Holstein margolari alemaniarren margoak eta xilografiak, Mikel Garate margolari azkoitiarrak espreski topaketetarako sortutako margolanak eta Mexikoko Cuarto de Luna kolektibokoen eta Azkoitiko Iñaki argazkilariaren irudiak jarriko dituzte ikusgai erakusketan. Horiez gainera, Jose Manuel Garciak duen zigiluen bilduma ere ipiniko dute erakusgai.
Azaroak 28, ostirala
- Arratsaldean. Hainbat pilota partida jokatuko dituzte Kontzejupean, eta pilota erakustaldia ikusten izango dira Eskoziako xake selekziokoak. Ondoren, herriko elkarte batean afalduko dute.
Azaroak 29, larunbata
- 09:45. Elkargunean, Euskal Herriko eta Eskoziako selekzioen arteko xakeko partidak. Euskal Herriko Selekzioko xakelariak: Felix Izeta zestoarra (Gipuzkoa), Unai Garbisu (Nafarroa), Mario Gomez (Bizkaia), Patrice Etxegarai (Iparraldea), Javier Marchena (Araba) eta Irati Laseka Arana (Nafarroa). Eskoziako selekzioko xakelariak dira: Andrew N Greet, Colin Macnab, Stephen Mannion, Clement Sreeves, Jonathan Grant eta Elaine Bamber.
- 13:30. Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Azkoitiko Udaleko arduradun politikoek harrera egingo diete Euskal Herriko eta Eskoziako xakeko selekzioko kideei.
- 16:00. Elkargunean, Euskal Herriko eta Eskoziako selekzioen arteko xakeko partidak. Euskal Herriko Selekzioko xakelariak: Unai Garbisu (Nafarroa), Mario Gomez (Bizkaia), Iñigo Argandoña (Gipuzkoa), Patrice Etxegarai (Iparraldea), Juan Ignacio Alonso Arburu (Gipuzkoa) eta Miriam Muñoz (Gipuzkoa).
Azaroak 30, igandea
Elkarguneko areto nagusian hitzaldiak izango dira.
- 10:00. Jordi Prio Burgues ariko da hizlari. Matematika katedradun kataluniarra da, eta Educachess eleaniztasun proiektuaren zuzendaria da. Xakea erakusteko proiektu bat da Educachess, eta horren gainean idatzitako bi liburu ditu. Liburuak euskaraz Euskadiko Xake Federazioaren bidez eskuratu daitezke.
- 11:00. Joaquin Fernandez Amigo. Matematikaren irakaskantza xakea oinarri hartuta doktore tesia eginda dauka, eta horren gainean emango du hitzaldia.
- 11:45. Leontxo Garcia Olasagasti kazetari eta xakeko adituaren hitzaldia. Xakearen erabilera Alzheimerraren eta buruko gaixotasunen aurrean gai hartuta jardungo du honek.
- 12:30. Mahai ingurua egingo dute aurrez hizlari jardundako hirurekin eta Nicola Lococo fisolofo eta xakeko entrenatzailearekin.
- 13:30. Nahi dutenek hizlariei galderak egiteko aukera izango dute.