Azkoitian liburutegi ondoko plaza estaltzea bozkatu dute herritar gehienek

Ane Olaizola 2014ko azaroaren 27a

Azkoitiarrek aukeratu dituzte hurrengo urtean egin nahi dituzten proiektuak, udalak aurkeztutako 11ren artean. Astebeteko epea izan dute bozkatzeko, eta udalak zenbatu eta aukeratu ditu egitasmoak. Liburutegi ondoko plaza estaltzeko proiektuak lortu du boto gehien, eta 1.025 puntu eskuratu ditu. Bigarren proiektu bozkatuena 2015ean baserri bideak konpontzeko partida indartzea izan da, 1.021 punturekin, eta hirugarrena bi tenis pistak berritzea, 958 punturekin. Emaitzak kontuan hartuta, lehenengo hiru egitasmo horiek sartuko ditu udal gobernuak bere aurrekontu proposamenean. Laugarren bozkatuenaren zati bat ere txertatuko dute: espaloiak berritzeko partida indartzea, hain zuzen. 2015eko aurrekontuetatik 250.000 euroko partida jarri du aurten udalak herritarren esku. Lehenengo hiru proiektuek 221.000 euroko kostua eragiten dute, eta beraz, geratzen diren 29.000 euroak espaloiak berritzeko partidari gehituko dizkio udalak. Udal Gobernuak gaur aurkeztuko du proposamena Ogasun Batzordean, oposizioak aztertu dezan. Gero, ohiko bidea izango du prozesuak. Hau da, oposizioak emendakinak egingo ditu, eta osoko bilkuran onartuko du udalak. Abenduaren 19an dira 2015eko aurrekontuak onartzekoak. Herritarrek astebeteko epea izan dute udalak aurrez aukeratutako proiektuen artean botoa emateko. Hainbat bide izan dituzte horretarako, eta jakinarazi dutenez, 749 lagunek eman dute botoa, 90 ohiko papeleta bidez eta gainontzeko 659k Internet bidez. Denon Herrixe prozesuaren barruan abiatu du udalak egitasmoa. Duela hilabete herritarrek 113 proposamen  egin zizkioten udalari, eta horiek aztertu ondoren, 11 proiektu aukeratu zituen udalak, bi irizpide kontuan hartuta: 2015ean egiteko moduko proiektuak izatea eta 250.000 euroko partidaren herena baino gehiagoko gastua ez eragitea. Herritarrek 11 proiekturen artean bozkatu dute, eta udalak eskerrak eman dizkie parte hartu dutenei: «Azkoitia herritarrekin elkarlanean eraikitzeko ezinbestekoa da guztion iritzia eta ekarpenak jasotzea, eta bide horretan bidelagun izatea erabaki dutenen ahalegina eskertu nahi dugu». - Bozkatzeko egon diren proiektuak: - Liburutegi ondoko plaza estaltzea: 1.025 puntu (83.000 euro). - 2015ean baserri bideak konpontzeko partida indartzea: 1.021 puntu (83.000 euro). - Berritzeko dauden bi tenis pistak berritzea: 948 puntu (55.000 euro). - 2015ean herriko espaloiak berritzeko partida indartzea: 884 puntu (83.000 euro). - 2015ean haur parkeak konpontzeko partida indartzea: 699 puntu (83.000 euro). - Altzibar bidean ibai ondotik doan espaloia egokitzea: 623 puntu (77.000 euro). - Kultur etxea eraberritzea. Lehen fasean leihoak konpontzea: 586 puntu (83.000 euro). - Herriko aktibitateen zentsoa egin: 359 puntu (40.000 euro). - Bizikletentzako 100 aparkaleku berri jartzea: 212 puntu (12.000 euro). - Azkoitiko emakumeen historia berreskuratzeko ikerketa egitea: 84 puntu (18.000 euro). - Gerra zibilak gure artean izandako bilakaera aztertzea: 83 puntu (18.000 euro).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide