(Ane Olaizola) Zorionekoak dira inguruko xake zaleak, goi mailako jardunaldi eta profesionalak izango baitira datozen egunetan Azkoitian. Euskal Xake Federazioak Expochess Nazioarteko Xakeko Topaketak antolatu ditu Azkoitiko Udalaren eta beste hainbat erakunderen laguntzarekin, Euskal Xake Selekzioa omentzeko, kirol federazioen ofizialtasuna aldarrikatzeko eta kirol hori gizarteratzeko asmoz. Eskoziako selekzioa herrian izango da sanandres festen barruan, eta Euskal Herrikoaren aurka lehiatuko da. Horrez gain, askotariko ekitaldiak izango dira. Xakeari lotutako hitzaldiak egingo dituzte, besteak beste: «Xakea aktiboa da gizartean, eta hori bultzatu nahi dugu», esan du Jose Manuel Sierra federazioko komunikazio arduradunak. Euskal Herriko Xake Fedederazioak 30 urte bete dituela-eta egingo dituzte topaketak. Hain zuzen, hasiera hartan beste topaketa batzuk egin zituzten herrian, eta Euskal Selekzioa Italiakoaren aurka lehiatu zen orduan. Hurrengo astekoak, beraz, hasierako ekimenarekin lotu nahi izan dituzte. «Duela 30 urteko ahalegin hori goratu eta aldarrikatu nahi dugu». Adierazi dutenez, hainbat aukera izan dituzte topaketak non egin erabakitzeko, eta Azkoitian egitea erabaki dute. «Duela 30 urte izugarrizko erantzuna eman zuen Azkoitiak, eta herriari eskerrak eman nahi izan dizkiogu». Ofizialtasunaren bidean, etorkizunera begiratu nahi dute, ordea. «Oraingo partida ere lagunartekoa izango da. Zoritxarrez, gauzak ez dira gehiagi aldatu. Euskal Herritarren gehiengo zabal bat identifikatuta sentitzen da Euskal Herriko Selekzioarekin, eta besteak arrotzak sentitzen dituzte herritarrek». Selekzioak ofizialtasuna lortzeko, erakundeen laguntza behar duela azpimarratu du Jesus Oteiza Azkoitiko Kirol zinegotziak. Hurrengo ostegunean iritsiko dira Eskoziako selekzioko jokalariak Azkoitira, eta larunbat goizean eta arratsaldean partidak jokatuko dituzte selekzioko absolutukoen eta emakumezkoen taldeek. Aldi berean, beste hainbat ekintza izango dira igandera bitartean. Adibidez, munduko txapeldun izandako Ruslan Ponomariov errusiarrak erakustaldia egingo du, eta gaiarekin lotutako profesionalek hitzaldiak eskainiko dituzte. Batetik, Jordi Prio Burgues eleaniztasunaren inguruan ariko da hizketan, eta Joaquin Fernandez Amigok xakeak duen eragina jorratuko du. Leontxo Garcia Olasagasti xakean espezializatutako kazetaria ezagunenetakoa da, eta honek xakeak alzheimerra bezalako gaitzetan duen eragina plazaratuko du. Besteak beste, margoa, marrazkia, argazkia, litografia, eskultura eta filatelia erakusketak jarriko dituzte ostegunean Elkargunean. Antolatzaileen esanetan, «artezaleek asko gozatuko duten erakusketa izango da». Xakeari lotutako lehiaketak ere egingo dituzte, eta haien inguruko informazio osoa www.expochess.org webgunearen aurkitu daiteke. Oraindik ekitaldi guztien ordutegiak zehazteke dituzte, eta datozen egunetan joango dira jakinarazten, atarian. Udalaren arabera, selekzioen arteko norgehia- goka «aukera ederra» izango da herriarentzat, besteak beste «partida erakargarriak» izango direlaako. Azkoitiaren irudia nazioartean bultzatu nahi dute, herriak duen aberastasuna zabaltzearekin batera. Nazioartean eta turismoaren alorrean Azkoitia indartuko dutelakoan da Sierra. EGITARAUA
- Azaroak 27, osteguna
- Azaroak 28, ostirala
- Azaroak 29, larunbata
- Azaroak 30, igandea