Danborrada 22:00etan hasiko da, pilotalekutik. Ez da aldaketarik egongo aurtengo ekitaldian. Irudian, iazko danborradako une bat
(Ane Olaizola)
Azkoitian dagoeneko nabaria da festa usaina, eta sanandresen bezperetan, danbor hotsekin hasiko dituzte ospakizunak herrian. Larunbateko ekitaldia prestatzen dabiltza ehunka herritar azken asteetan, eta zerura begira ere badira egunotan, iazko eguraldi txarra errepikatu ez dadin helduen danborradan.
Sanandresen aurreko asteburua ospatuko dute etzitik aurrera. Ohiko egitaraua izango dute herritarrek, eta helduen danborradak izango du protagonismo nagusia. Berrikuntzarik gabe egingo dute danborrada: 22:00etan hasiko da, Gurea pilotalekuan, eta handik herriko plazara joango dira, eta hiru pieza joko dituzte han. Balda Plazara joango dira gero, eta beste hiru pieza eskaini ondoren, Julio Urkijo kalera joango dira, beste bi abesti jotzeko. Gauerdirako, plazan elkartuko dira berriro konpainia guztiak, eta beste zortzi pieza eskainiko dituzte herritarren aurrean. Handik, udal pilotalekura itzuliko dira danbor jotzaileak.
Urtero bezala, ehunka herritarrek hartuko dute parte danborradan, eta udalaren arabera, ez da aldaketarik izango parte-hartzaile kopuruan. Zortzi konpainiak osatuko dute danborrada, danbor eta barrika jotzailez osatuta: Xabier Munibe Ikastolak eta Floreaga Salestar Ikastetxeak bina konpainia izango dituzte, gurasoez eta ikasle ohiez osatutakoak. Horiez gain, Izkiturri elkartearen, Napoleon taldearen, Pilotarien taldearen eta Amnistia taldearen danbor eta barrika hotsak ere entzun ahal izango dira.
Aurten, azken urteetan ez bezala, eguraldi ona dago iragarrita larunbaterako, eta beraz, ez dute aurreikusten ibilbidea egokitzerik. Bestela, bozgorailuetatik jakinaraziko dute, eta frontoitik hasita, Balda Plazara joan, han pieza batzuk jo, eta zuzenean plaza nagusira joango lirateke, eta handik frontoian amaituko lukete saioa.
Kirola eta kultura, bat
Helduen danborradaz gain, beste hainbat ekintza ere izango dira festei begira. Raka Maraton elkarteak antolatuta, Azkoitiko Herri Laskerketa jokatuko dute hamargarren urtez larunbatean, eta Zubi Aurre Igeri Elkartearen San Andres Igeri Saria ere izango da larunbat arratsaldean. Antolatzaileek esan dute oraingoz hamar eta hamaika urte bitarteko 45 ume ingururen zerrenda jaso dutela, eta horiek 50 metro modu librean egingo dituzte. Dena den, ume gehiagok parte hartuko dutelakoan dira. Txapelketa urtez urte antolatzen du elkarteak, «San Andres giroan». Zubiaurre elkarteko igerilariak izango dira txapelketan, eta proba «lasaia», «lagunartekoa», izaten dela adierazi dute.
Igandean, berriz, herriko baserritarrek euren produktuak jarriko dituzte salgai, eta hainbat lekutatik etorritako 80 ehoziri edo bolillo egilek erakustaldia eskainiko dute plazan, eta ehoziriak egiten ariko dira eguerdira bitartean. Musikak ere tarte propioa izango du orduan: kalejiran ibiliko dira Iraurgi Abesbatzakoak, Bizkargi Musika Eskolako dantzariak, Xabier Munibe Ikastolako eta Floreaga Ikastetxeko Kandiola dantza taldeak eta Txalkor Txistulari taldea.
Aplikazioa sanandresetarako
Andramarietan egin zuten bezala, sanandresetarako ere sakelako telefonoetarako eta tabletetarako aplikazioa egin du udalak, egitaraua ahalik eta herritar gehienengana iritsi dadin. Festetako ekintzak ikusteaz gain, ekitaldien inguruko iritzia ere eman ahal izango dute erabiltzaileek. Doan deskargatu daiteke jada Android sistemadun sakeleko eta tabletetan. Marketera sartu, San Andres jarrita. Apple-erako bertsioa egun gutxi barru egongo dela martxan jakinarazi dute.