Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Danon Herrixe parte hartze prozesuaren barruan, 2015eko udal aurrekontuen zati bat herritarren esku jarri du aurten Azkoitiko Udalak, beraiek aukeratu ditzaten hurrengo urtean egin nahi dituzten proiektuak. Azkoitiarrek egindako proposamenak jaso eta aztertu ditu udalak, eta horietako batzuk zuzenean bere aurrekontu proposamenean sartu ditu. Beste batzuk, berriz, herritarren esku utzi ditu. 250.000 euro bideratu dituzte horretara, eta hurrengo astetik aurrera, 11 proiekturen artean bozkatu ahal izango dute azkoitiarrek.
Bakoitzak gehienez hiru proiektu aukeratu ahal izango ditu, bakoitzari nahi dioten lehentasuna emanez. Hiru bide dituzte horretarako: batetik, bilera irekia egongo da astelehenean, 18:30ean, Elkargunean, eta han bozketa egiteaz gain, udalak bere aurrekontu proposamena azalduko du. Asteartetik ostiralera bitartean, berriz, udaletxeko harreran eta udal webgunean —www.azkoitikoudala.info—ere bozkatu ahal izango da.
Hamasei urtetik gorakoek eta Azkoitian erroldatuta daudenek eman dezakete botoa, eta beraz, horretarako bakoitzak bere NAN zenbakia eta jaiotza data zehaztu beharko du. Udalak adierazi duenez, sistema informatibo berezia garatu dute botazio hauetarako, bakoitzak behin bakarrik bozkatu dezan. Emaitzak, berriz, azaroko azken astean jakinaraziko dituzte. Udalak dei egin die herritarrei egitasmoan parte hartu eta proiektu gogokoenak bozkatu ditzaten.
Urrian aukera egon zen hurrengo urterako aurrekontuetarako proposamenak egiteko, eta Urrategi Alberdi alkatearen arabera, 113 lagunek egin dituzte ekarpenak. Oraingo proposamenak eta aurreko urteetan egin zituztenak aztertu, eta aukeraketa bat egin dute bozketara pasatzeko. Horretarako, bi irizpide izan dituzte: batetik, 2015ean egiteko moduko proiektua izatea, eta bestetik, proiektu bakoitzeko aurrekontuak ez gainditzea partida osoaren aurrekontuaren herena.
11 proiekturen zerrenda
Irizpide horiek kontuan izanda, 11 proiekturen artean aukeratuko dute herritarrek. Hala nola, 36ko gerrak herrian izan duen bilakaera ikertzea eskatu dute hainbatek, eta horretarako, besteak beste beka bat ateratzeko asmoa du udalak. Kultur Etxea eraberritzeko, eta batez ere leihoak aldatzeko eskaera «dezente» izan direla argitu du alkateak, eta lanak faseka egitea aurreikusi dute. 2015eko aurrekontuetan «bestela ere» aurreikusita dituzten proiektu batzuk indartzeko aukera ere egongo da: hala nola, espaloiak egitea eta parke eta baserri bideak konpontzea. Era berean, haurrentzat estalitako parke edo plaza bat egitea eskatu dute herritar batzuek, eta udalak deritzo toki egokiena Liburutegiaren ondoko plaza dela.
Hainbat egitasmo alboratu egin dituzte, «irizpideak ez zituztelako betetzen». Beste 26 ekarpen, berriz, udal gobernuaren aurrekontu proposamenean txertatu dituzte. Horietako batzuk dira Floreagarako igogailua jartzea eta herrian bizikletan ibiltzeko araudia onartzea.
- PROIEKTUAK:
- 36ko gerrak gure artean izandako bilakaeraren ikerketa egin. 18.000 euro.
- Azkoitiko emakumeen historia berreskuratzeko ikerketa egin. 18.000 euro.
- Kultur Etxea eraberritu. Lehen fasean, leihoak aldatu. 83.000 euro.
- Tenis pistak aldatu. Bi falta dira berritzeko. 55.000 euro.
- 2015ean espaloiak egiteko diru kopurua indartu. 83.000 euro.
- 2015ean parkeak konpontzeko diru kopurua indartu. 83.000 euro.
- Baserri bideak konpontzeko diru kopurua indartu. 83.000 euro.
- Aktibitate errolda osatu: herrian kutsakorrak izan daitezkeen enpresen zerrenda osatu, hauek ingurumenean eragin ditzaketen kalteak aztertu eta hauek saihesteko neurriak zehaztu. 40.000 euro.
- Altzibar bidean ibai ondotik doan espaloia egokitu, inguru horretan dauden segurtasun arazoak konpontzeko. 77.000 euro.
- Liburutegi ondoko plaza estali. 83.000 euro.
- Bizikletentzako 100 aparkaleku egin. 12.000 euro.