Azkoitia eta Azpeitia arteko Basarte industrialdean errepidea konponduko dute

Ane Olaizola 2014ko azaroaren 10a

Azkoitiko eta Azpeitiko Udalek Munategiko Basarte industrialdean dagoen errepidea konpondu egingo dute, hango egoera txarrari erantzuna emateko asmoz. «Errepidea oso hondatuta dago, eta enpresetako langileek kexa ugari aurkeztu izan dituzte», esan du Urrategi Alberdi Azkoitiko alkateak. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearekin batera eman ditu lanen inguruko azalpenak, bi udalek elkarlanerako hitzarmena sinatu baitute horretarako. Guztira 1.300 metro inguruko eremua konponduko dute, eta proiektua esleitu eta finantzatzeko 70.427 euroko partida zehaztu dute. Azkoitia eta Azpeitiko udalerriek muga egiten dute Munategin, eta Basartekoa bi herrien arteko industrigunea da. 1992. urtean, batzorde bat sortu zuten, eremu horretako mantentze lanak bi udalen artean ordainduko zituztela adostuz. Hori hala, Azpeitiko Udalak gastu guztien %31,70 ordainduko du, eta Azkoitikoak %68,30. Industrigunean dagoen gasolindegiaren bidegurutzetik Talleres Leandrora bitartean egingo dituzte konpontze lanak. Besteak beste, bidean dauden zuloak estali eta errepide osoa konponduko dute, 700 metrotako eremuan. Horrez gain, aparkalekuak ere onbideratuko dituzte. Azkoitiko Udalak egin du proiektuaren lan teknikoa, eta bi udalek onartuta daukate proiektua eta hitzarmena astea. Orain, lanak esleitzeko lehiaketa publikoa hasi dute. Enpresa interesatuek hilabeteko epea daukate proiektuak aurkezteko. Alberdik jakinarazi duenez, prozesuak bi hilabete irautea espero dute, eta gauzak ondo, lanak urtarrilean hastea aurreikusten dute. Gero, hilabeteko epean egingo dituzte konpontze lanak. Etxeberriaren esanetan, berriz, «begi bistakoa» da Basarte industrigunean dagoen arazoa: «Eremua oso gaizki dago; zulo ugari daude, eta aparkatzeko arazoak sortzen ditu horrek». «Bi herrien arteko eremua izanik, askotan gertatzen da pentsatzen dela arazoa ez batena ez bestearena dela. Utzikeria egoten da halako kasuetan. Azken urteetan eremua hondatu egin dela argi ikusten da», gaineratu du. Hori hala, errepidea konpontzea pausu garrantzitsua izango delakoan da: «Langile pila bat pasatzen dira handik, eta enpresa ugari daude. Gure eskumenekoa den industria eremua ondo edukitzea garrantzitsua da, erakargarriagoa izan dadin, eta enpresa gehiago harutz joatera lagunguko duelako».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide