Azkoitiarren ehuneko 61ak egiten dute euskaraz egunerokoan

Ane Olaizola 2014ko urriaren 22a

[caption id="attachment_113589" align="aligncenter" width="300"]Urrategi Alberdi alkatea, Agurtzane Epelde Euskara zinegotzia eta Jasone Bilbao Euskara teknikaria.  (Ane olaizola/Hitza). Urrategi Alberdi alkatea, Agurtzane Epelde Euskara zinegotzia eta Jasone Bilbao Euskara teknikaria. (Ane olaizola/Hitza).[/caption] Azkoitiko Udaleko Euskara Zerbitzuak herriko euskararen erabileraren datuak bildu ditu, Soziolinguistika Klusterrak egindako kale neurketa baten bidez. Herriko euskararen egungo egoera ezagutzeko asmoz egin dute azterketa, eta hogeita lau orduz aztertu dute herrian zenbat euskara erabiltzen duten herritarrek. Datuen arabera, Azkoitian lau herritarretatik hiru euskaldunak dira —euskaraz ondo ulertu eta hitz egiten dutenak—, baina kalean gutxiago erabiltzen dute. Herritarren %61,3k hitz egiten dute euskaraz, eta %34,4k gaztelaniaz. %4,3k beste hizkuntza batean hitz egiten dute. Herriko datu horiek, gainera, eskualdekoak baino baxuagoak dira. Izan ere, Urola Kostan %71,5ek hitz egiten dute euskaraz, Azkoitian baino hamar puntu gehiago. Euskararen ezagutza ere txikiagoa da eskualdeko batez bestekoa baino: Urola Kostan %77ak dakite euskaraz, Azkoitian baino %2,5 gehiagok. Azpeitian, Getarian eta Zestoan, esaterako, %80ak baino gehiagok dakite euskaraz, Eustat-en arabera. Gizon eta emakumeen artean ez dago ia alderik, baina adin tarteen arabera asko aldatzen da euskararen erabilera. Izan ere, hamabost eta hogeita hamalau urte bitarteko gazteak dira euskaraz gehien hitz egiten dutenak (%75,4), eta jarraian bi eta hamalau urte bitartekoak daude: %72,7. Gutxien euskaraz hitz egiten dutenak, berriz, helduak dira: 35 eta 64 urte bitarteko %53,6k hitz egiten dute euskaraz. Adinekoek, berriz, gehiago erabiltzen dute: %60,8ak. Umeen presentzia ere erabakigarria izan daiteke hizkuntza bat edo bestea erabiltzeko orduan: Klusterraren datuen arabera, haurren %76ak euskaraz hitz egiten dute euren artean, baina helduez eta umeez osatutako taldeetan, haurrek helduek baino gehiago erabiltzen dute euskara. Azterketarik «osatuena» Maiatzeko hiru astetan egin zuten kale neurketa Azkoitian, eta asteko egun jakin batzuetan herri guztian zehar aritu ziren herritarrak entzuten. Datuak eskuartean, batez ere helduekin lanketa berezia egin behar dela uste du Agurtzane Epelde Euskara zinegotziak: «Orokorrean, datuak altuagoak izatea nahi genuke. Azkoitia herri euskalduntzat hartzen da, baina maila horretarako baxua da euskararen erabilera. Helduen datuak ere oso baxuak dira, altuagoak izatea espero genuen. Kontzientziazio lan gehiago egin beharko dugu». Dena den, orain arteko neurketarik «osatuena» dela azpimarratu dute, eta beraz, bilakaera ezagutzeko aukerarik ez dutela eta erreferentzia bakarra oraingo emaitzak direla berretsi dute. Izan ere, 2001. urtean Soziolinguistika Klusterrak beste kale neurketa bat egin zuen Azkoitian, baina udalak gogoratu du sei orduz aztertu zutela, soilik herrigunean. «Sei ordutan lortzen diren datuak ez dira esanguratsuak, eta gaur daukagun erreferentzia bakarra maiatzean 24 orduz egindakoa da». Euskararen gaineko politikak herritarrekin batera adosteko parte hartze prozesua hastearekin bat plazaratu ditu udalak datuak. «Jakitun gara euskara ordezkapen prozesu bat jasaten dagoela, eta gure bizitzako eremu batzuetan gaztelania eta beste hizkuntza batzuk desagerrarazten ari direla. Udaletik euskara bizitzako esparru guztietan erabiltzeko aukera bermatu behar ditugu». Gaztelaniaren ondoan euskara «ahula» izanik, «hizkuntza galtzeko arriskua gainditzeko», ezinbesteko dituzte neurriak hartzea, eta horiek, besteak beste Euskara Planean jasotzen dituzte. Udalak egun indarrean duen plana urtearen amaieran bukatuko da, eta berri bat jarriko dute martxan hurrengo urtetik aurrera. Datuak aurkeztuko dira bihar Beste hainbat arlotan egin duten bezala, euskararen alorrean ere parte hartze prozesu bat zabaldu dute hurrengo urtetik aurrera udalak egingo duena erabakitzeko. Herritarrek proposamenak egin ditzaten hainbat bide zabaldu dituzte dagoeneko. Kale neurketaren emaitzekin eta prozesuaren informazioarekin osatutako liburuxka etxez etxe banatu dute, eta liburuxkaren bidez egin daitezke ekarpenak, hango galdetegia beteta eta udaletxeko harrera gelara eramanda. Udaleko Euskara Zerbitzura ere joan daiteke, edo euskara@azkoitia.net helbidera idatzi nahiz 943-85 71 75 telefonora deitu. Ekarpenak urriaren 31ra bitartean jasoko dituzte, baina bihar bilera bat egingo dute, 18:30ean, Elkargunean, aurtengo kale erabileraren emaitzak eta udalak egindako proiektuak aurkezteko. Azaroaren 13an, berriz, bigarren aldiz elkartuko dira herritarrekin, ordu eta leku berean. Orduan, jasotako proposamen guztiak azaldu eta aztertuko dituzte, eta euskara plan berriaren zirriborroa adostuko dute. Hori egindakoan, zirriborroa euskara mahaiari eta batzordeari aurkeztuko diete, udalbatzak osoko bilkuran onartu dezan. Azkenik, herritarrei aurkezteko asmoa dute. Gai garrantzitsutzat jo dute abiatutako prozesua, «euskararen etorkizuna guztion esku dagoelako». Hala, parte hartu dezaten dei egin diete herritarrei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide