Esther Lizarralde alkateordea eta Urrategi Alberdi alkatea, gaur, prentsaurrekoan(Ane Olaizola)[/caption] Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, hondakinak biltzeko sistema mistoaren bidez %74,42eko birziklapen tasara iristea lortu zuten abuztuan. Ondorioz, hondakinei dagozkien kostuak murriztea aurreikusten dute, besteak beste Lapax zabortegira errefusa botatzeagatik ordaindu behar dutena "nabarmen" jaitsi delako. Udal Gobernuak hurrengo urteko ordenantza fiskalen proposamena aurkezterakoan eman du datuen berri, eta datozen egunetan da birziklatze tasa berrien inguruko azalpenak ematekoa. Udalak hil honen amaieran onartuko ditu 2015ko udal tasa eta zergak, eta EAJk bezala, koalizioak bere proposamena helarazi du. Tasak eta zergak mantentzearen alde agertu dira, herritarrek bizi duten karga ekonomikoa "ahal den neurrian arintzeko" eta zerbitzu publikoen kostuak "arduraz" kudeatzeko asmoz. Etxebizitza hutsei ezarritako %100ko gainkargarekin jarraitzeko asmoa dute hurrengo urtean ere. Aurten, 533 etxebizitzei ezarri zaie gainkarga, eta handik jaso duten dirua alokairu soziala indartzera erabili nahi dute. Horretarako, ordenantza bat proposatuko dute datorren osoko bilkuran, eta onartuz gero, bidez etxebizitza hutsak alokairu sozialera bideratzeko diru laguntzak emango dituzte. Eusko Jaurlaritzako Biziguen eta Asap programetara bideratzen diren etxebizitzentzat. Urrategi Alberdi alkateak adierazi duenez, hiru helburu izango dituzte laguntzek: "Oinarrizko etxebizitza eskubidea bermatzea, hutsik dauden etxebizitzen alokairu soziala bultzatzea eta etxebizitzen eraberrietzea bultzatu eta herriko ekonomia suspertzea". Laguntzak ere hiru motatakoak izango lirateke: batetik, alokairura ateratzeko beharrezko obrak egin beharko dituztenek kostu osoaren erdia jasoko lukete, beti ere 8.000 eurora bitartean Alde Zaharrean bizi direnek, eta gainontzekoek 4.000 euro artean. Eraginkortasun energetikoaren zirutagiria lortzeko kostuen %75eko laguntza ematea proposatu dute, eta obrak egiteagatik ordaindu beharreko zergan ere diru laguntzak jasotzea proposatu dute. Azken laguntza horiek bono moduan ematea aurreikusten dute, herriko negozio eta dendetan erabili ditzaten, herriko merkataritza indartzeko helburuarekin. Alberdik jakinarazi du, gainkarga indarrean jarri zutenetik etxeen bilakaera aztertu dutela, eta egindako azterketaren arabera, alokairura ateratako etxeen kopurua igo egin dela adierazi du. Udalaren arabera, iaz 760 etxebizitza huts zeuden herrian, baina horietatik 227 salbuetsiak izan dira gainkarga ordaintzeko. Hurrengo urteko ordenantza fiskaletan, berriz, salbuespen berriak txertatzeko asmoa dute: hala nola, sei hilabetetan alokatuta egon dela ziurtatzen dutenei gainkarga itzultzea aurreikusten dute.