Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkoitiko Kale Nagusian, plazatik gora doan kalean, Porrukaleko festak ospatuko dituzte bigarren urtez. Iazko kutsuari eutsita, baina ekintza gehiagorekin eta berrikuntza ugarirekin hartuko dituzte festak herritarrek. Ostiraletik igandera bitartean izango dira jaiak, eta berrikuntzen artean, Porrukaleko I. Krosa, mus txapelketa eta bertso erronka egingo dituzte.
Joan zen urtean berreskuratu zituzten Porrukaleko festak, ia hiru hamarkada eta gero. Kaleko giroa eta bere garai bateko izena berreskuratzeko asmoz antolatu zituzten hango tabernari eta gazte batzuek egitasmoa, eta aurtengorako Porrukaleko Festa Batzordea osatu dute.
Trikitilariekin hasiko dituzte ospakizunak, eta hala itxiko dituzte festak. Bitartean, hamaika ekintza egingo dituzte kalean, eta lehenengo aldiz, Porrukaleko Krosa egingo dute larunbat goizean, lau kilometrotakoa. Porrukaletik hasita, korrikalariek Altzibar auzoa eta Juin Txiki industrialdea zeharkatuko dituzte, handik Kale Nagusitik berriro Porrukalera iritsi arte. 11:00etan hasiko da proba, eta parte-hartzaileek egunean bertan 10:30ak arte eman ahal izango dute izena, bi euroren truke.
Lasterketa amaitutakoan, sariak eta edariak banatuko dituzte. Arratsaldean, berriz, I. Mus Txapelketa egingo dute Olaberri tabernan, 16:00etan, eta bertan parte hartu nahi dutenek ordu erdi lehenago eman behar dute izena, tabernan bertan.
Bertsolarien erronka
Gainontzean, poteo eta txikiteoak izango dira egunez egun, herriko eta inguruetako trikitilariekin eta txarangekin. Era berean, lehenengo aldiz Azkoitiko hainbat bertsolari zein baino zein arituko dira igande eguerdian, eta festei bukaera emateko, auzotar guztiek bazkaria egingo dute jubilatuen tabernan. Paella, oilaskoa eta postrea izango dute bazkaltzeko, hamabost eurotan.
EGITARAUAUrriak 17, ostirala
- 18:50. Olaberri tabernatik plazara kalejira, trikitilariekin.
- 19:00. Txupinazoa, eta ondoren pintxo-potea, Porrukalean.
- 22:00. Erromeria Laja eta Lutxurdixo trikitilariekin.
Urriak 18, larunbata
- 11:00. Porrukaleko I. Krosa.
- 12:30. Txikiteoa Urolatarrak txarangarekin.
- 16:00. Porrukaleko I. Mus Txapelketa.
- 16:30. Umeentzako jolasak.
- 19:30. Txikiteoa egingo dute tabernaz taberna, Urolatarrak txarangarekin.
- 23:00. Bikustik taldearen kontzertua, eta ondoren Poxpi disko jartzailea.
Urriak 19, igandea
- 11:00. Porrukaleko hildakoen aldeko meza.
- 12:00. Txikiteo herrikoia Aritz eta Landa trikitilariekin ta buruhandiekin.
- 13:00. Bertso erronka, herriko bertsolariekin.
- 14:30. Festen bukaera eta bazkaria, jubilatuen tabernan.
- 18:00. Triki-traka.