Azkoitiko PSE-EEk Gerdauko azken lan istripua gaitzetsi du

Ane Olaizola 2014ko urtarrilaren 13a

Aurreko asteartean Gerdau enpresaren Basauriko  lantegian izan zen lan istripua gaitzetsi du Azkoitiko alderdiak. Azken hilabetean Gerdau enpresan bi langile hil direla gogoratu dute. Izan ere, abenduan beste langile bat hil zen Azkoitiko lantegian, garbiketa eta garraio lanak egiten ari zela 4.000 kilo baino gehiagoko barra-pakete batek jota. Zumaiako Limpieza y Mantenimiento Rosi enpresarako ari zen lanean. Iazko azken lan istripua izan zen hura, eta aurtengo lehenengoa ere enpresa horretan izan da. Asteartean elektrokutatu egin zen Basauriko plantako langile bat, eta zauri larriengatik zendu zen. Miguel Reimundez Azkoitiko PSE-EEko zinegotziak elkartasuna adierazi nahi izan die hildako langilearen senide eta gertukoei. Era berean, enpresaburuei dei egin die laneko segurtasunaren eta osasunaren gaineko araudia «zorrotz» bete dezaten. Langileei, berriz, lan istripuen prebentzioa indartzeko ahalegindu daitezela eskatu die. Horrez gain, erakundeei exijitu diete «modu koordinatuan» lan egin dezatela sindikatu eta patronalen erakundeekin batera, prebentzioaren kultura indartu dezaten. Laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituen jazarpena aldarrikatu du Reimundezek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide