Klasikoak binaka eta akustikoan

Aritz Mutiozabal 2014ko urtarrilaren 9a

Bikustik bikotea zuzeneko emanaldietako batean; Patxi Zabaleta gitarra astinduz eta Jon Gurrutxaga kantuan. (Argazkia: Bikustik) «Bertsioak eginez aritzen ginen askotan entsegu lokalean, eta duela bost urte emanaldi bat egiteko aukera sortu zitzaigun Zumaian, proiektua oraindik mamitzeke zela. Zuzenekoa jotzera animatu, eta harrezkero makina bat saio eskaini ditugu». Modu horretan ekin zion Bikustik bikote akustikoak, Arima Beltza musika taldean aritutako Jon Gurrutxaga eta Patxi Zabaleta elgoibartarren ekimenez. Han eta hemen jo ondoren, bihar gauean Azkoitiko Txalintxo tabernan ariko dira, 23:00etatik aurrera. Musikari eta talde klasikoen moldaketa akustikoak taularatzen ditu Bikustikek, eta horretara mugatzen di­ra. Beren errepertorioan ez dira falta The Beatles, Led Zeppelin, Rain­bow, Queen, Janis Joplin eta Creedence Clearwater Revival bezalako taldeen kantuak. «Talde ezagunak dira, baina jotzen ditugun abestiak, beharbada, ez dira haien ohikoenaak. Hala ere, zeharka bada ere, ia denek ezagautzen dituzte, eta, alde horretatik, harrera ona izaten dugu emanaldietan», jakitera eman du Gurrutxagak. Errepertorio zabala Abesti zerrenda oso zabala du­te, eta batzuetan laburtu egin behar izaten dute, kontzertuak «luze» jo dezakeelako. Hori guztia, nola ez, tokiko giroaren eta ordutegiaren araberakoa izan ohi da. «Normalean, antzeko emanaldia eskaintzen dugu saio guztietan, baina tarteka-tarteka abesti berriak gehitzen joaten gara,beste batzuengatik ordezkatuz». Oro har, 1960ko eta 1970eko hamarkadako rock musika gainbegiratzen dute. Edonola ere, abesti modernoagoei ere keinu egiten diete aldian-aldian, dela Chris Cornell (Sourganden, Audioslave) abeslariarenei, dela Alice In Chains taldearenei. Gainera, Arima Beltzako abestiren batekin edo besterekin ere ausartzen dira. Gurrutxaga Jon & Sugramas proiektuan ibili da buru-belarri orain arte, eta Zabaleta, bere aldetik, Andrakan taldearekin dabil. «Bikustik, azken finean, proiektu paraleloa da. Gure sorkuntza propiotik aparte egiten dugun zerbait da, hain zuzen ere. Sormen lanak beste modu batera zaintzen ditugu; nolabait ere, gureagoak dira hasieratik bukaeraraino. Honako hau, ordea, ongi pasatzeko zerbait da, gure gozamenerako».Proiektua denborapasa gisa eta lagunartean gozatzeko asmoz abiarazi zuten, eta helburu horrekin jarraitzen dute. Hori horrela, ez dute aurreikusten Bikustik bezala abesti propiorik sortu eta grabaziorik egiterik. «Beste proiektu batzuetan gabiltzanez, printzipioz ez dugu horretan pentsatu. Egunen batean agian egingo dugu zerbait, baina momentuz ez da gure lehentasuna», nabarmendu du abeslariak. Gurrutxaga musikari nekaezina da, ordea. Uda bitartean Jon & Sugramasekin ibili da jo eta jo, eta udatik hona abesti berriak egiten aritu da, bakarka. «Neguan estudiora sartu eta horiek diskoan grabatzeko asmoa dut. Kasu honetan, bakarlari gisa izango litzateke, Sugramasen babesik gabe. Disko akustikoa izango da, nahiko biluzia, ni neu gitarrarekin». Azken xehetasunak txukuntzen eta zorrozten ari da orain, eta datorren hilean ekin nahiko lioke grabazio prozesuari. «Aste Santu ingururako argitaratu nahiko nuke diskoa, baina ez dakit astia emango didan».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide